Caspe
Espainiako hiria (Zaragoza), Ebro ibaiaren ertzean. 9.030 biztanle. Nekazaritza eremu oparoa (olioa, garia, fruituak). v Caspeko Hitzarmena. Aragoiko errege Martin Gizatiarra ondorengorik gabe hil zenean (1410), Valentzia, Katalunia eta Aragoiko ordezkariek (bederatzi denetara) Caspen 1412an eginiko biltzarrean hartutako erabakiari eman zioten izena. Erabakiaren arabera, Gaztelako Joan I.aren semea Fernando Antequerakoa aukeratu zuten errege, gero santu egin zuten Vicente Ferrer elizgizonari esker batez ere, hildako erregearen ahaide hurbilena zen Jaume Urgelleko kondearen kaltetan. Hala, Trastamara etxea egin zen Aragoiko koroaren jabe, eta Gaztelakoaren eraginpean geratu zen erreinu hura. Hitzarmenak ez zuen harrera onik izan Katalunian.