Cassini-Huygens
Saturno aztertzeko helburua duen espazioko proiektua. Cassini-Huygens arrazoi askorengatik da garrantzitsua. XX. mendeko azken esplorazio abentura handia da. Tamaina handiko zunda bat darabil, autobus baten neurrikoa, eta bere helburua planeta urrunena da, Saturno. ESAren eta NASAren proiektu bilakatu den proiektu honen kontzeptua eta eredua europarrak dira. ■ Galileok 1610ean ikusi zuen Saturno, lehen teleskopioaren laguntzaz. Baina Christiaan Huygens nederlandarrak identifikatu zuen, 1655ean eta berak marraztu zuen planeta inguratzen duen eraztuna. Urte berean hauteman zuen gainera Titan, Saturnoren lehen satelitea. Jean-Dominique Cassinik, Luis XIV. erregealdiko astronomorik onenak, berriz, Japet, Rhea, Tethys eta Dione aurkitu zituen 1671-1684 bitartean, gaur egun 18raino iritsi diren Saturnoren “ilargi” multzoaren lehendabizikoak. Cassini izan zen, era berean, 1675ean eraztunean bere izena duen gune ilun bat aurkitu zuena. Zunda horrek Saturnoren ikerketan aitzindari izan ziren bi gizonak omentzen ditu, beraz. ■ Frantses bati eta austriar bati bururatu zitzaien 1982an proiektu honen ideia, Daniel Gautierri eta Wing Ip. Emiseri. 1984an proposatu zioten NASAri eta 1989an onartu zuten Europako eta Estatu Batuetako gobernuek. Zundak bi zati ditu. Lehenak Cassini izena du, amerikarrek egin dute eta behatoki espaziala da. Bere egitekoa Saturnori, haren eraztunei eta haren sateliteei argazkiak egitea da, eta beren eremu magnetikoa, argi espektroa eta atmosfera analizatzea. Huygens moduluaren egitekoa, berriz, Titani argazkiak ateratzea, eta materia bizigabean biziaren eragile diren nitrogenoa, hidrogenoa eta karbonoa agertzen ote diren frogatzeko erreakzio kimikoak egitea da. ■ 1997ko urriaren 15ean jaurti zen espaziora Cabo Cañaveralen, eta ezer okertzen ez baldin bada 2004ko uztailaren 1ean sartuko da Saturnoren orbitan. Bost hilabete geroago gurutzatuko du Titan satelitea. Orduan, Cassini laborategiak lau urte iraungo duen Saturnoren azterketa bati ekingo dio eta Huygens modulua askatu, eta Titan aldera joko du. Atmosfera lodi bat aurkituko du (hango presioa lurrekoa baino 1 eta erdi handiagoa da), orduko 200 km-ko lastertasuna duen haizea eta zero azpitiko 200 graduko tenperatura. Zundak laginak bilduko ditu alde guztietatik eta sei esperimentu egingo ditu, Titanen izaera fisikoa definitzeko. Gero, inork ez daki zer gertatuko zaion Huygensi, azala gogorra baldin bada, zunda apurtu egingo da, eta bestela, etano edo metano isurkarizko itsaso batean murgilduko da.