Beñaran Ordeñana, Jose Migel
(«Argala» deitua). Euskal politikari abertzale eta sozialista (Arrigorriaga, 1949 - Angelu, 1978). ETAko kide eta ideologoa, Argalak berebiziko papera jokatu zuen 1974tik aurrera, erakunde armatua bitan banatu zenean (ETA militarra eta ETA politiko-militarra). ETA militarreko ideologo nagusia, Argalak Espainiako agintariek bultzaturiko erreforma politikoa gaitzetsi eta KAS delakoaren bost puntu nagusietan (autodeterminazio eskubidea, amnistia osoa ekintzaile politikoentzat, euskara lehen hizkuntza nazionala, Estatuko polizia eta militarren deuseztapena eta langileriaren bizi-maila hobetzea) oinarrituriko haustura demokratikoaren aldeko bidea urratu zuen, ETA erakundearen izaera militar eta ekintzailea sendotuz. Ipar Euskal Herrian erbesteratua bizi izan zen 1970etik aurrera, polizia frantsesak hainbat alditan atxilotu eta atzerriratu ondoren, autoan ezarri zioten lehergailu batek kendu zion bizia 1978ko abenduaren 21ean.