Ashe, Arthur Robert
Estatubatuar tenislaria (Richmond, Virginia, 1943 - New York, 1993). Estatu Batuetako taldearekin Davis kopa jokatu (1963) eta munduko goreneko mailetara iritsi zen lehen tenislari beltza izan zen. Hala ere, hasieran zailtasun asko izan zuen, Estatu Batuetako tenis klub askotan debekaturik baitzegoen beltzak sartzea. Bere trebetasunari esker, ordea, oztopoak gainditu eta 1962an lehen tituluak lortu zituen. Amateur gisa, Ikastetxe arteko txapelketa (1965), lur gaineko txapelketa Nazionala (1967) eta Tenis txapelketa Irekia (Opena) irabazi zituen, besteak beste, Estatu Batuetan. 1969an profesionalizatu egin zen, eta laster iritsi ziren txapelketa nagusietako (Grand Slam-eko) lehen garaipenak. Beste askoren artean, Australiako Irekia irabazi zuen 1970ean, hurrengo urtean Roland Garros-eko bikotekakoa Marty Riessen-ekin batera, 1975ean Wimbledon-goa Jimmy Connors gainditu ondoren, eta 1977an berriz ere Australiakoa, baina oraingoan bikotekakoa Tony Roche-rekin. 1976an bigarren posturaino iritsi zen mundu mailako sailkapenean. 1979an bihotzeko ebakuntza bat egin zioten eta hurrengo urtean utzi egin zion tenisean jokatzeari. Gero, gizarte obrak bultzatzeaz gain, Estatu Batuetako taldearen kapitain ere izan zen Davis Kopan 1981-85 bitartean. 1983an bihotzeko beste ebakuntza bat egin zioten, eta HIESa eragiten duen birusaz kutsatu zuten. Harrezkero, heriotza eragingo zion gaixotasuna zuela aitortu, eta HIESaren aurkako borroka bultzatzeko eta seropositiboen onarpenerako kanpainetan parte hartu zuen.