Asia Txikia
(Gr. Mikra Asia) Asiako mendebaldeko muturreko penintsulari egokituriko izena. Mugak: Itsaso Beltza eta Marmara Itsasoa, iparraldean; Egeo Itsasoa, mendebaldean, Mediterraneo Itsasoa hegoaldean, eta Taurus aurreko mendilerroa, ekialdean. Dardaneloak eta Bosforo itsasarteek bereizten dute Europako Turkia eta Balkanetako penintsulatik. Asiako Turkiaren alderik handiena hartzen du. Asia Txikia izena bizantziarra da, X. mendekoa, eta antzina Anatolia deitzen zen guztia hartzen du. Asia eta Europako bide erdian dagoelarik, bertan gurutzatu ziren migrazio indoeuroparrak eta garatu ziren Mediterraneoko lehen zibilizazioak. Antzinateko inperio handiak bertan egokitu ziren. Neolitoko eta kalkolitoko zibilizazioak arakatuz (K.a. VI., V. eta IV. milagarren urteetakoak) eginiko indusketen ondorioz asmatu diren hipotesien arabera, Aro Heleniarraren aurreko Grezia (Thesalia), Egeoko munduaren, Mesopotamiaren eta kontinenteko hainbat kulturen topagunea izan bide zen Asia Txikia. Antzinako Brontze Aroan (K.a. III. milurtekokoak), metalen zibilizazioko merkatari ahaltsuen abiagunea izan zen. Sumeriarren inperioa Eufratesetik Ziliziaraino hedatzen zen, hurritak menderatu ondoren, eta Anatolia barneko Hatti zibilizazioa ere indartsua zen.
v K.a. II. milagarren urtearen hasieran, indoeuropar herrien inbasioek biziki aldatu zuten egoera: hititak eta hattitak nahasi ziren Anatolia barnean Antzinako Inperio Hitita izenekoa eratuz (K.a. XVIII. m.). Ezaugarri semitak ageri zituzten lidiar indoeuroparren jatorriari buruz, ordea, ez da hipotesi zehatz fidagarririk. Barne gatazka eta banaketa askoren ondoren, hititek, susperturik, beste garai handi bat izan zuten K.a. XV. mendean, hurriten Mitanni erreinuaren aurkako borrokan. Inperio Hitita Berria Asia Txikia, Siria eta Palestinan barrena hedatu zen K.a. XIV. mendean, Egiptoko zibilizazioa ere arriskutan jarriz. v K.a. XII. mendearen hasieran, indoeuropar muxkiek (Itsasoko herri indoeuroparretako bat) inperio hitita suntsitu eta Frigiako erreinu ahaltsua eratu zuten. Migrazio olde berberari jarraituz, kontinenteen arteko trafikoan zegoen porturik garrantzitsuena zen Troiaren aurkako bidaldia antolatu zuten akearrek (mizeniarrek). Troiako Gerran, akearrak eta eoliarrak borrokatu bide ziren Asia Txikiko herrien aurka (troiarrak, frigiarrak, pelasgoak, lelegoak, etab.). Aldaketa handiko garai honetan, Italia aldera joan ziren etruskoak, herri lidiarra seguruenik. Greziar kolonizazioak markatu zituen ondoko mendeak. Greziako inbasioetatik ihesi, Misia eta Lidiako itsasertzetara jo zuten eoliar eta joniarrek, doriarren aurretik. Hiri joniarrek beste kolonizazio aldi bat izan zuten, iparraldeko kostaldean (Helesponto, Propontide, Ponto Euxino). Greziako zibilizazioa Asia Txikiko hiri heleniarren garrantzi ekonomiko eta kulturazkoari esker garatu zen neurri handi batean (Mileto, Smirna, Efeso, Phokaia, Halikarnaso). v K.a. VIII. mendean kimeriar indoeuropar nomadek Frigiako erreinua erraustu zuten. Lidiarren nagusigoa sendo ageri zen garai baten ondoren (K.a. 687-546) Ziro II. Handiaren garaian mediarrek hartu zuten Anatolia. Persiar akemenestarren mendean, nolabaiteko egonkortasuna izan zuen Asia Txikiak, hiri joniarren altxamenduak (K.a. 499) eta gerra mediarrek (K.a. 490-468) hautsi zuten arte. Mende bat geroago, Alexandro Handiaren armadak egotzi zituen akemenestarrak (K.a. 336) eta gatazkak sortu ziren, berriro, Asia Txikian. Alexandro hil ondoan (K.a. 323), hainbat alditan banatu zuten penintsula, diadokoen (Antigonos Monophtalmos, Eumene, Lisimako, Ptolomeo, Seleukos) arteko gerran bezala. Persiako satrapen mendean zeuden iparraldeko lurraldeak burujabe bihurtu ziren (Bitinia, Kapadozia, Ponto) eta Siriako seleukotarren (Seleukos, Antioko) esku geratu zen Anatoliako alderik handiena, Lisimako hil ondoan. Bitartean, galatiarrek Galatiako erreinua sortu zuten Frigiako ekialdean, Pergamo zutelarik hiriburu. Seleukotarren aurka altxaturik Lisimakoren lurraldeak (Misia, Lidia) hartu zituzten eta, erromatarrek lagunduta, seleukotarrek Asia Txikian zituzten lurralde guztien jabe egin ziren K.a. 189an. Zibilizazio heleniarreko gune ospetsu bezain garrantzitsua izaki, erromatarren ekialdeko inperioaren hasiera izan zen Pergamo hiria. Attalo III.ak Erromari eman zion bere inperio zabala (K.a. 133) eta, Asiako probintzia eratu ondoren, erromatarrek iparraldeko erreinu txikien konkistari ekin zioten, baina kapadoziarren adorearekin eta Ponto nahiz Armeniako erregeekin egin zuten topo. K.a. I. mendean Asia Txikia osoa konkistatu ondoan, erreinu guztiak batu zituzten Asiako Diozesian eta Ekialdeko Prefeturan. San Paulok ebanjelizatua, Anatolia kristautasunaren lehen guneetakoa izan zen. n IV. mendetik aurrera, Asia Txikiko penintsulak Ekialdeko inperioaren zori bera izan zuen, Bizantzioko inperioarena hain zuzen. Persiar sasaniden (VI. eta VII. m.) eta arabiarren (VII-X. m.) erasoen ondoren, seljukidak, Turkiako beste tribua (XI-XIII. m.) eta, azkenik, otomandarrak (XIV. m.) egokitu ziren bertan. Garai haietan, armeniarrek Armenia Txikia izeneko erreinua eratu zuten Zilizian; mongoliarrek, Timur-i-Lang buru, bazterrak erraustu zituzten eta, Gurutzadak medio, mendebaldeko gudaroste kristauak agertu ziren. Latinoek Konstantinopla hartu ondoan, bi inperio bizantziar osatu ziren Asia Txikian: Nizeakoa (1204-1261) eta Trebizondakoa (1204-1461). Azkenik, XV. mendean turkiarrek egindako erasoek Anatolia konkistatu eta harrez geroztik inperio otomandarren parte izan zen.