Ashkenazy, Vladimir Davidovitx
Piano jotzaile eta orkestra zuzendari errusiarra (Gorki, 1937). Bere belaunaldiko piano jotzaile nagusietako bat da. Moskuko Musika Eskola Zentralean eta Moskuko Kontserbatorioan ikasi zuen. 1955ean bigarren saria irabazi zuen Varsovian Frederic Chopin Lehiaketan eta 1962an lehen saria Txaikovski Lehiaketan, John Ogdon piano jotzaile britainiarrarekin batera. Sari horrek eman zion nazioartean ospea. 1963an Britainia Handira alde egin zuen eta 1968an, islandiar ikasle batekin ezkondu baitzen, Islandiara joan zen eta hango herritar egin zen. Bere errepertorioak erromantizismo garaiko musika (Chopin-en pianorako obra osoa grabatu du) eta klasikoa (Mozart eta Beethoven) biltzen ditu. XX. mendeko musikagileei ere eskaini die arreta, Rachmaninov, Prokofiev, Shostakovitx eta Kavalevski-ri, esate baterako. 1980ko hamarkadan orkestra zuzendaritzan hasi zen eta 1987an André Previn-en tokia hartu zuen Londreseko Royal Philarmonic Orchestraren zuzendaritzan. Urte berean itzuli bat egin zuen orkestra horrekin Errusian zehar (alde egin zuenetik itzuli gabe zegoen). 1994an zuzendari kargua utzi zuen.
- Ashbery, John
- Ashcroft, Peggy
- Ashe, Arthur Robert
- ashgabatar
- Ashikaga
- Ashkenazy, Vladimir Davidovitx
- Ashrawi, Hanan
- Asia Txikia
- Asia
- Asia
- Asiain