Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ashikaga

1336. eta 1573. urteen artean, 15 shogun (diktadore militar) eman zituen Japoniako gerlari familia (Minamoto klana). Shogunen aginpidea hain handia zen, non enperadoreak ere ezarri eta egozten baitzituzten. Ashikaga shogunen aginteak arazo larriak izan zituen: jauntxoen arteko guduak, nekazarien altxamenduak, erlijio gatazkak. Bestalde, Ashikagen garaian era guztietako arteek gorakada handia izan zuten (arte martzialak, loreak zaintzea, tearen zeremonia eta No ikuskizunak); garai honetan beronetan iritsi ziren Japoniara lehen europarrak, kristautasuna eta suzko armak, eta eraiki ziren lehen gazteluak. Gerren poderioz garatu ziren garraio eta merkataritzari esker, jauntxoak ahuldu eta merkatariak indartu ziren. Japonia goitik behera aldatu zen. Oda Nobunaga herri gizonak eraitsi zuen azken shoguna, Ashikaga, 1573an.