Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zelula

iz. Izaki bizidun ororen oinarrizko banakoa, eskuarki guneaz, zitoplasmaz eta hau inguratzen duen mintzaz osatua.  v  Zelularen oinarrizko egitura. Zelula orok du nukleo bat (zelula prokariotetan mintzez bildurik ez dagoen nukleo bereizi gabea), zitoplasma eta zelula inguratzen duen mintza. Zelula nukleoaren osagarri nagusia eta berezia geneak dira, kromosoma eran eratuak (DNA); organismo mota bakoitzak (zelula bakarreko izan edo zelula-anitz izan) kromosoma kopuru jakin finkoa du, pareka antolatua (zelula prokariotek salbu); sexu bidezko ugalketa duten organismoetan, zelula sexualek organismoari dagokion kromosoma kopuruaren erdia izaten dute (ik. meiosi). Zitoplasma zelularen mintzaren barnean dagoen gai likatsu bat da, bertan nukleoaz gainera, zelularen organuluak eskegirik daudela (zelula prokariotetan erribosoma batzuk soilik). Zelularen mintzak zelula mugatzen du, eta zelularen barnea ingurunearekin harremanetan jartzen; lipidoz eta proteinaz osatua da; elikagaien sarrera eta irazkinen irteera, eta oreka osmotikoa kontrolatzea du eginkizuna. v Oso neurri eta forma desberdinetakoak dira zelulak. Normalean 0,01- 0,1 mm bitartekoak dira. Halere zelula batzuk, luzakinak kontuan harturik, zenbait metrotarainokoak izan daitezke (neurona batzuk adibidez). v Zelula bakoitza izan daiteke berez organismo osoa (izaki zelula-bakarra) edo izan daiteke organismo konplexuago baten osagai (giza gorputzak, adibidez, 26x1018 zelula inguru ditu). Organismo zelula-anitzetan, zelulek ez dute bizitza autonomorik, eta eginkizun jakin bat izaten dute organismoan; zelula anitzez osatutako egitura konplexua baita hain zuzen organismoa. Organismo hauetan eginkizun bera duten zelula multzoetan antolaturik egituratzen dira zelulak, gisa horretara ehunak eratuz (gihar ehunak, epitelio ehunak, hezur ehunak, adibidez). Zelula bakoitzak bere bizi zikloa du: sorrera (beste zelula batetik), garapena, elikadura, metabolismoa (iraizkinak kanporatzea), ugalketa, erditzea eta hiltzea.  v Zelula motak. Egiturari dagokionez konplexutasun maila asko bereiz daitezke zelulen artean; oro har bi konplexutasun maila nagusi bereizten dira, halere: zelula prokariotak eta zelula eukariotak. v Zelula prokariotak. Egitura primitiboena eta soilena duten zelulak dira. Bakterioak dira gehienak. Nukleoa mintzez inguratua ez izatea dute ezaugarri nagusia; nukleoa, beraz, ez da gauza guztiz bereizia, zitoplasmaren barruan muga zehatzik gabea baizik, bertan kromosoma bakarra duela. Zelula prokariotek ez dute metabolismorako balio duten organulurik zitoplasman, erribosoma soil batzuk soilik (ik. erribosoma). Zelula prokarioten metabolismoa zelula-mintzaren bitartez egiten da, organulurik ez duenez; honetarako behar dituen entzimak ditu zelula-mintzean. Zelula prokarioten ugalketa ez da sexu bidez egiten, zatiketaz baizik.  v  Zelula eukariotak. Landareak, animaliak eta onddoak zelula eukariotez osatuak dira. Hauek dituzte ezaugarri nagusiak egiturari dagokionez: nukleo mintzez mugatua eta bereizia izatea (nukleo mintzez, nukleoplasmaz eta nukleoloz osatua), eta zitoplasman eskegirik zelularen metabolismorako balio duten organuluak izatea. Zelula eukariotak kromosoma kopuru parea izaten du (ik. diploide), organismoaren ugalketarako zelula sexualei dagokienez (ik. haploide) izan ezik; kromosomak zelula nukleoaren nukleoloan aurkitzen dira, ugalaldian izan ezik. Zelularen organuluek zelularen metabolismoa egiten dute; hauek dira nagusiak: Golgiren aparatua, mitokondria (zelularen arnasketa), lisosomak (entzima edukitzaileak), erribosomak (proteinen sintesirako), saretxo endoplasmatikoa, zentrioloak, kloroplastoak (landare zeluletan, fotosintesia egiteko), bakuolak.  v Zelularen pareta. Zelularen mintza biltzen duen beste mintz zurrun bat da, bakterio (prokariota), onddo eta landare (eukariotak) zelulek dutena. Zelula babestu eta hari forma finkoa ematea du eginkizuna. Landare zelulen pareta zelulosa polisakariodoaz osatua da, eta euskarri mekanikoa (trinkotasuna) ematen dio hari. Onddo zelularen pareta kitinaz osatua da. Bakterien paretak konplexutasun handiagoko osaera dute. v Zelularen sorrera eta ugalketa. Zatiketaz, meiosiz edo mitosiz egin daiteke. Zelula prokariotak zatiketaz ugaltzen dira: zelularen kromosoma bakarra bikoiztu egiten da eta aldi berean zelula bitan banatzen duen pareta bat (septum) sortzen da, era horretara bi zelula berdin eratzen direla. Zelula eukariotei dagokienez bi ugalketa modu bereizten dira: meiosia, sexu bidezko organismo ugalketan gertatzen dena (ik. meiosi), eta mitosia, organismo zelula-bakarren ugalketan eta organismo zelula-anitzen zelula-ugalketan gertatzen dena (ik. mitosi). v Zelularen elikadura eta metabolismoa. Zelularen jarduera bere ingurunearekin dituen harremanetan gauzatzen da: materia eta energia trukea. Izan ere, zelula bera egitura irekia da, bere osagaiak etengabe berritzen dituena. Berritze horretan behar diren zelula egiturak sortzea eta molekulen sintesia egitea, zelularen nukleoaren barnean den informazioaren (DNA) bitartez gauzatzen da. Materia eta energia truke hori elikagaiak sartuz eta iraizkinak kanporatuz egiten da. Materia eta energia truke hau zelularen mintzak kontrolatzen du, eta izan daiteke garraio pasiboa edo aktiboa; garraio pasiboan materia trukea modu mekanikoz egiten da, zelularen energiarik eralgi gabe (difusioz edo osmosiz); garraio aktiboan zelularen mintzeko proteinek parte hartzen dute, zelulak behar dituen eta modu mekanikoz barneratzen edo kanporatzen ez diren gaiak garraiatzeko, horretan energia eralgitzen delarik.  v Zelula fotoelektrikoa. ik. fotoelektriko. v Zelula elektrolitikoa. Baliapide kimikoz elektrizitatea sortzen duen tresna, elektrolito batean jarritako bi elektrodo xaflatuz osatua. Zelula elektrolitikoak lehen edo bigarren mailakoak izan daitezke. Lehen mailakoak ez dira bihurgarriak, elektrizitatea xafla baten disoluzioz sortua baita. Bigarren mailakoetan eragiketa kimikoa bihurgarria da, bi elektrodoetatik elektrizitate korrontea igaroaraziz; horretan eragiketa kimikoaren neurria eta zentzua kanpotiko voltaiaren araberakoa da.