zelta
iz. eta izond. Antzina Europako sartalde osoan kokaturik zegoen herri indoeuropar bateko kidea; herri horri dagokiona. v Lehen aroa (K.a. 1800-1200). Zelten aitzindari izan zen herri bat agertu zen Rhin eta Danubio ibaiek mugatzen duten eskualdean, Alemaniaren hegoaldean. Inguruko lurralde batzuk hartu zituen eta Europako mendebalaldera hedatu zen. v Oppida aroa (K.a. 1200-750). Galiako hegoaldera eta Espainiaraino hedatu ziren zeltak. Garai haren lekuko dira hilen errautsak biltzen ziren ontziak, lurpean ematen zirenak. v Hallstatt aroa edo burdinaren lehen aroa (K.a. 725-480). Lehengo lurraldeez gainera, gaur egungo Txekiar errepublikara (Bohemia), Eslovakiara, Austriara, Italiako iparraldera (Po ibaiaren ordokia) eta Galiako ekialdera hedatu ziren. Aro horretan antolatu zen Galiako gizartea eta orobat merkataritza ere, Mediterraneoko beste herriekin. Artean etruskoen eta greziarren eragin sakona antzematen da. v Tène aroa I eta II edo burdinaren bigarren aroa (K.a. V. m.-II. m.). Zelten hedaduraren eta zibilizazioaren beraren urrezko aroa da: Balkanetaraino (Singidunum, gaur egungo Belgrado), Greziaraino (Delfos), Asia Txikiraino (Galazia), eta Galia osoraino iritsi ziren. Garai hartakoa da arte zeltaren goren maila, eta horren lekuko dira Galiako hegoaldeko eskultura erraldoien multzoak. Toponimian antzematen dira garai hartako mugen aztarnak (Galazia, Asia Txikian; Galitzia, Polonian; Galizia, Iberiar Penintsulan). v Tène aroa III (K.a. II. mendetik aurrera). Zelten zibilizazioaren beheraldiaren garaia da. Erromatarrek, pixkana-pixkana beren mende hartu zituzten Galia, Italiako iparraldea, Hispania, Balkanak eta Britainia Handia. Iparraldean, germaniarrak, Baltikotik joanda, Rhin eta Danubio arteko lurraldeetaraino iritsi ziren. Handik hara, Britainian, Kornuallesen, Galesen, Eskozian eta Irlandan baino ez ziren gorde zelten aztarnak. Zeltek ez zuten inoiz inperiorik ez aginpide politikorik egituratu. Mende hartzen zituzten herrien teknikak bereganatu eta haien bizimoduetara makurtzen ziren; hartara, zibilizazio nahasiak sortu ziren (zeltiberiarrak Espainian, galogreziarrak Asian). Zelten batasun lokarri nagusiak hizkuntza eta erlijioa ziren. v Gizartea. Gizartean hiru maila bereizten zen: aristokrazia militarra, herria eta druidak. Egitura hori Erdi Aroaren bukaeraraino gorde zen Irlandan. Leinu bakoitzak bere buruzagia zuen, eta buruzagi hori zen zegokion eskualdean nagusi. Buruzagi haren inguruan militarrak eta nekazariak biltzen ziren, eta, aholkulari gisa, druidak; druidak jainkoen eta gizakien artean bitartekari ziren, apaiz modukoak beraz, eta jakituriaren gordailu. Majia egiten zuten, iragartzeak, eta, batez ere, gazteak hezten zituzten. Literatura, historia, zuzenbidea eta erlijioa gorde eta zaindu zituzten, inoiz ez idatziz, beti ahoz. v Artea. Eskulturan giza irudiaren idealizaziora jo zuten, eta marren estilizaziora eta eskematismora apainduretan, abstrakziora iristeraino. Urrea eta brontzea landu zuten batez ere, eta, inoiz, zilarra; harri bitxiez (korala, anbarra) apaintzen zituzten metal landuak. v Hizkuntza. Zelta hizkuntzek familia indoeuroparraren adar bat eratzen dute, italikoaren oso hurbilekoa. Zelta hizkuntzak hauek dira: galiarra, Galian hitz egiten zena; ez da haren sintaxia ezagutzen, eta ez dira geratu izen arrunt batzuk eta aditz solte batzuk baino; britainiera, Britainia Handian mintzatzen zena K.a. antzinako urteetan. Britainieratik sortu ziren: galesa (bizirik oraindik ere Galesen), kerneveg-a (Kornuallesen mintzo zena, eta XVIII. mendean desagertua), eta bretoiera edo breizera, Armorikako lurmuturrera, Bretainiara, Britainia Handitik eramana V. eta VII. mendeetan, eta gaur egun erabilia; gaelikoa, hau ere mintzatzen dena, eta hiru adar dituena, Irlandako gaelikoa, Eskoziakoa eta Manx uhartekoa.