zeltiberiar
iz. eta izlag. Iberiarren eta zelten arteko nahasketaren ondorioz sortutako herria, K.a 500. urtean Hispaniako iparraldean finkatu zena. Zeltak beren hedabidean, Hispaniara iritsi zirelarik, han zeuden iberiarrekin nahastu ziren, eta hangoen ohituretara eta bizimodura egokitu ziren. Haien lurraldea Espainiako goi-ordokiaren sortaldea zen, Jalon eta Ebro ibaiek muga egiten zutela (gaur egungo Guadalajara, Soria eta Zaragozako probintziak). Ez zuten batasun politiko-geografikorik izan; lotura etniko soila zuten. Leinu nagusiak arebakiarrak, beloak, titoiak, lusoiak eta zeltiberiarrak ziren. Erromatarrek menderatu aurretik zeltiberiarren hiri garrantzitsuenak hauek ziren: Numancia, Ercavica, Segeda, Segontia, Termantia, Uxama, Clunia, Contrebia, Palantia eta Aregrada. Erromatarrek Numancian garaitu zituzten zeltak, K.a. 133. urtean.