Young, Edward
Ingeles idazle eta literatura kritikoa (Upham, 1683 - Hertfordshire, 1765). Oxforden egin zituen ikasketak. 1713an lehen olerkia (The Last Day) argitaratu ondoren Whartongo dukearen babespean jardun zuen. 1727an apaiz ordenatu zen gotzain izateko asmoz, baina ez zuen lortu eta 1731. urtean ezkondu egin zen. Haren lan nagusia The Complaint: or, Night Thoughts (1742-1745 Deitoreak: edo gaueko gogoetak) izan zen. Bederatzi parte edo “Gau” bereizten dira olerkian, guztira 10.000 bertso inguru; bakarrizketa dramatikoa da, idazlearen emaztearen eta alabaren heriotzaren kariaz idatzia. Malenkoniaz eta tristuraz beteriko estiloa erabili zuen, geroago idazle erromantikoek oinarri izan zutena. Young-en beste lan aipagarri batzuk: Busiris, The Revenge, Conjectures on Original Composition.