yoruba
iz. Nigeriako hego-mendebaleko herria. Beninen eta Togoko iparraldean ere badira yoruba taldeak; Niger-Kongo familiako hizkuntza erabiltzen dute. Jatorri mitiko bera duten erreinu askotan banatuak daude, baina dirudienez ez dute inoiz batasun politikorik izan. Yoruba gizonezko gehienak nekazariak dira, nahiz eta badiren salerosketan edo eskulanetan aritzen direnak ere; emakumeak berriz merkatuaz arduratzen dira. Yoruben herria zen urbanizatuena kolonien aurretik. Gizarte eta politika antolamenduan ugaritasun handia bada ere, oinarrizko arautegiak berak dira denentzat. Erregea sakratua da, eta, yoruba asko kristau edo musulman bihurtu badira ere, tradiziozko erlijioa gordetzen da: jainko nagusi bat badute, sortzaile nagusia, eta beste 400 bat jainko txiki, bakoitza bere gurtza eta apaizekin. Oso literatura aberatsa dute, poesiaz, kontakizun laburrez, mitoez eta esaera zaharrez osatua.