Young, Thomas
Britainiar sendagile, zientzialari eta arkeologoa (Milverton, 1773 - Londres, 1829). Medikuntza, arkeologia eta fisikako lanak egin zituen batik-bat. Begiko kristalinoaren egokitzeko ahalmena aurkitu zuen eta koloreen ikusmenaren teoria bat eratu zuen; argi izpien interferentziari eta difrakzioari buruzko lanak egin zituen, uhinen teorian eragin handia izan zutenak; elastikotasunari buruzko ikerketak ere egin zituen. Kultura handiko gizona zen; grekoz, latinaz, alemanez, arabieraz eta persieraz bazekien, eta ezagupen horiei esker arkeologiako lanak egin ahal izan zituen (Egiptoko hieroglifoak irakurri zituen Champollion-ekin batera).