yiddish
iz. Europako ekialdeko eta erdialdeko judu askenazien hizkuntza. v Yiddish hizkuntzaren osagai nagusiak hiru jatorri desberdinekoak dira: semitikoa (hebreera, arameiera); germaniarra (Erdi Aroko dialekto alemanak), garrantzitsuena gramatikari eta lexikoari dagokienez; eslaviarra (poloniera, ukrainiera eta bielorrusiera bereziki). Germaniar lurraldeetan sortu zen eta handik Europako ia ekialde osora zabaldu zen. Lau aldi bereizten dira hizkuntzaren historian: protoyiddisha edo hizkuntzaren eratze aldia (1250 arte, hiru mende inguru iraun zuena); antzinakoa (1250-1500), germaniar jatorriko lurraldeetan mintzo zena eta eslaviarrekiko lehen harremanen aldia, erdikoa (1500-1700), eslaviar ingurugiroan garatu zena, eta modernoa (1700etik aurrera). v Hebreerazko idazkeraz irudikatzen da. Historian zehar, eguneroko beharretarako erabilia izateaz gain, liturgiaren alorrean ere sartu da Talmudeko irakurketaren iruzkinetan eta zenbait otoitzetan. Halaber, dokumentu zibilak, merkataritzakoak eta gutunak idazteko oso erabilia da. XVIII eta XIX. mendeetan mundu osora hedatu zen, hasidismoaren bidez lehenbizi eta Europako ekialdeko progrom-ek eragindako emigrazioengatik gero, judu komunitateen arteko lingua franca gisa bermatuz. XX. mendean, alabaina, hizkuntzaren hedadura asko murriztu da: nazien biktima judu gehienak yiddish hiztunak ziren; Sobietar Batasunean ofizialki debekatu zuten eta Israelen bertan –hebreera bultzatzeko ahaleginen kariaz– erdi debekatua izan zen anitz urtez. Egun, zenbait zirkulu mugatutan erabiltzen da, hasidismoaren jarraitzaileen artean bereziki eta unibertsitate batzuetako ikasle-irakasleen artean (New York, Jerusalem, Montréal). v Literatura. Gorde diren lehen aztarnak XIII. mendekoak dira. XVI. mendetik aurrera, judu kulturaren gaiak (elezharra, folklorea, etika, erlijioa) eta europar inguruneari zegozkion gai profanoak argitaratu zituzten hizkuntza horretan. XVII. mendearen hasieran, Jacob ben Ashkenazi-ren Tsenerene etika gidaliburua agertu zen, belaunaldi askoren eredu estilistikoa izan zena. XVIII. mendearen amaiera arte literatura lanak mendebaleko hizkuntzaz ematen ziren baina eliteak eragindako germaniartzearen ondorioz, eslaviar herrialdeetako literatura indartu zen. Hala, ekialdekoak dira XIX. mendeko idazle interesgarrienak: S. Y. Abramowitz, Sholem Moykher Sforim ezizenez ezaguna (1836-1917); Leib Pertz (1852-19150 eta Sholem Aleichem (1859-1916). XIX. mendearen erdian yiddishez idatzitako prentsa azaldu zen. Estatu Batuetan idazle asko egin ziren ezagun, haien artean: H. Leivick, I. J. Schwartz, David Pinski, Schalom Asch, Israel Joshua Singer eta Isaac Bashevis Singer, aurrekoaren anaia eta 1978ko Literatura Nobel Saria jaso zuena.