Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

yin-yang

(Pinyinez Yinyang; japonieraz in-yô). Sortaldeko pentsaeran, bizitzaren alderdi eta gertakizun ororen egile diren bi indar edo hastapenak, elkarren osagarri direnak. Yin-a lurraren irudi da, emea, iluna, pasiboa eta zurgatzailea; zenbaki bikoitietan dago, bailaretan eta ur-lasterretan, eta tigreak, laranja koloreak eta lerro hautsi batek irudikatzen dute. Yang-a berriz zerua da, arra, argia, aktiboa eta sarkorra; zenbaki bakoitietan dago, mendietan, eta dragoia, urdin kolorea, eta lerro jarrai bat dira haren irudi. Tai-txi-tik, Jatorri Lehenetik, datoz biak; elkarri eragiten diote (bata handitu ahala bestea txikitzen da), eta unibertsoaren eta bertan den ororen deskripzio dira. Zirkulu baten bi erdi gisa, iluna eta argia, margotzen dira. Yin-yang-aren jatorria iluna da, baina nolanahi ere oso antzinakoa; K.a. III. mendean kosmologiako eskola baten oinarri izan zen, eta mendeetan zehar eragin handia izan du txinatar pentsakeraren alderdi guztietan: astrologian, medikuntzan, artean, gobernuan. Japoniara ere aspaldi heldu zen, in-yô izenaz. Han ere oso garrantzi handia izan zuen, gizartearen maila guztietan gainera: horren adierazgarri da egun eta norabide zorionekoak eta zoritxarrekoak badirelako sinestea, zabaldua oso, eta ezkontzak antolatzerako zodiakoaren zeinuak kontuan izatea.