Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

x

Euskal alfabetoko hogeita seigarren letra. || Letra larriz, erromatar zenbaki sisteman hamar adierazten duen zenbakia. || Mat. eta Geom. Kalkuluetan, aldagai ezezaguna eta bi ezezagun edo gehiago direnean lehenengo aldagai ezezaguna adierazten duen sinboloa. || Geometria analitikoan, puntu baten lehenengo koordenatu kartesiarraren sinboloa.  v  X kromosoma. Biol. Bi sexu kromosometako bat, arren zein emeen sexu kromosometako bat, emeetan eta arretan agertzen dena. || Elektr. Erreaktantziaren sinboloa. v X izpiak. Fis. Izpi ultramoreak baino uhin luzera laburragoa (10-11 eta 10-8 m tartekoa) duen irrada elektromagnetikoa, atomoak energia garaiko zatikiez bonbardatzean sortzen dena. Elementu guztietako atomoek X izpi espektru jakin bat igortzen dute elektroiek bonbardatzen dituztenean. Atomoaren kontra jotzen duen elektroiak atomoaren barne geruzetako orbitaleko elektroi bat atomotik kanpora ateratzen duenean igortzen dira X izpien fotoiak. Hori gertatzen denean kanpoaldeko orbital batean den elektroia barnealdeko geruzara igarotzen da, geruza hori betetzeko; ekintza horretan elektroiak potentzial diferentzia (∆E) galtzen du. Igortzen den fotoiaren uhin-luzera beraz, honela lortzen da:



bertan c argiaren lastertasuna eta h Planck-en konstantea dira. X izpiak Roentgenek aurkitu zituen 1895. urtean. Material askotan barrena igarotzen dira, eta, hori dela eta, barne-egiturak aztertzeko erabiltzen dira (medikuntzan, kristalografian, eta metalurgian, besteak beste), eta X izpi hodiaren bidez sortzen dira.  v  X izpi hodia. Teknol. X izpiak sortzen dituen tresna. Eremu elektrostatiko baten bidez elektroiak energia garaia hartuz azeleratzen dira, eta metalez osaturiko jomuga baten kontra jotzen dute, bai presio apaleko gasa duen hodi batean, bai, gaurkoek egiten dutenaren antzera, huts-hodi batean. Jomuga metal astun batez egiten da (maizenik tungstenoa erabiltzen da), eta horren atzean masa handiko metalez egindako anodo bat jartzen da beroa kanpora eramateko. Katodoa tungsteno-hari baten bidez berotuz lortzen da elektroiak sortzen dituen x izpia. Transformatzaile batek ematen dio X izpi hodiari behar duen potentzial diferentzia garaia, gehienetan 100kV-koa izaten dena.