Wyler, William
Estatu Batuetako zinemagilea (Mulhouse, Frantzia, 1902 - Beverly Hills, 1981). Universal produkzio etxean hasi zen lanean, B saileko western-ak egiten. Zinema ahostunaren garaian, drama psikologikoak, western-ak, komediak, eta polizia filmak egin zituen, antzerki lanen eta eleberrien moldapenak asko: The Good Fairy (1935); These Three (1936), 1962an The Children’s Hour izenaz berriro egokitu zuena; Wuthering Heights (1939, Ekaitz Gailurrak), The Westerner (1940). Hiru film bikain egin zituen Bette Davis antzezlea protagonista zela: Jezabel (1938), The Letter (1940, Gutuna), eta The Little Foxes (1941). Beste film batzuk: Mrs. Miniver (1942); The Memphis Belle (1944), hiru Oscar sari jaso zituena; The Best Years of Our Lives (1946, Gure bizitzako urterik onenak), bi Oscar jaso zituena. Wyler Hollywoodeko aro klasikoko zinemagile nagusietako bat da. Azken aldiko zenbait filme: Carrie (1952), The Desesperate Hours (1955), Roman Holiday (1953), Friendly Persuasion (1956), The Big Country (1958), Ben Hur (1959), The Collector (1965), Funny Girl (1968).