Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wyoming

Estatu Batuetako erdi-mendebaleko estatua. Mugak: iparraldean eta ipar-mendebalean, Montana; ekialdean, Hego Dakota eta Nebraska; hegoaldean, Colorado; hego-mendebalean, Utah; mendebalean, Idaho. 253.324 km2 eta 460.000 biztanle. Hiriburua, Cheyenne. Hiri nagusiak: Casper eta Laramie. v Orografia. 1.500-2.000 arteko goi-ordokia da Wyoming-eko lurraldea, mendikateek eta sakanek hautsita. Ekialdeko eskualdeak Missouri ibaien adarrek ureztatutzen dituzte (Powder, Cheyenne, Belle Fourche, North Platte). Hego Dakotako mugan Black Hills mendiak daude. Estatuko erdialdea eta mendebala Rocky Mountains sistemaren barnean daude, eta han daude lurraldeko mendialde eta mendi garaienak: Laramie, Big Horn, Absaroka, Teton, Wyoming eta Wind (4.207 m Gannett mendian). Mendialdeon artean sakanak daude, Yellowstone-ko parke nazionala esaterako, izen bereko aintzira barne. v Biztanleak. Wyoming-eko biztanle dentsitatea Estatu Batuetako txikiena da Alaskaren ondotik (1,8 biztanle km2-ko). Biztanleen laurdena hirietan bizi da eta nekazaritza eremuetan gainerakoa. Indiarrak % 2 baino gutxiago dira gaur egun eta Wind River esparruan bizi dira. % 95etik gora zuriak eta hispanoak dira eta badira, halaber, mexikar, eskandinaviar, italiar eta alemaniar talde txikiak.  v  Ekonomia. Turismoa (Yellowstongo eta Great Tetongo parke nazionalak), meategiak (petrolioa, gasa, ikatza, uranioa, burdina, fosfatoak), abere hazkuntza (ardi eta behi azienda), basogintza eta sakanetan eta ibaien ertzetan egiten den laborantza (azukre erremolatxa, garia, garagarra, patata) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria (petrolio findegiak, zurgintza, janari industria) hiri nagusietan baizik ez dago. v Historia. Siouxak eta txeieneneak («oin beltzak») bizi ziren bertan 1743. urtean La Vérendrye anaia konkistatzaileak hara heldu zirenean. 1834. urtean sortu zuten Laramieko lehen gotorleku egonkorra. 1867. urtean, burdinbidea eraiki zutenean, egin zen erabateko kolonizazioa. 1890. urtean Estatu Batuetako 44. estatu bihurtu zen.