Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Whale, James

Estatu Batuetako zinemagilea eta antzerkigilea, jatorriz britainiarra (Dudley Staffs, Ingalaterra, 1896 - Los Angeles, 1957). Umorezko marrazkilaria zen. Lehen Mundu Gerran kontzentrazio eremu batean egon ondoren, antzerkian ari izan zen antzezle, dekoratugile eta zuzendari gisa; Journey’s End antzerki lanak arrakasta handia izan zuen eta Hollywoodeko ateak ireki zizkion. Lehen filma antzerki lan horren egokitzapena izan zen, Journey’s End (1930). Antzerki lanen egokitzapen batzuk egin ondoren, Universal produkzio etxean hasi zen lanean. Han egin zituen filmik hoberenak, beldurrezko generoko maisu lanak, eta arrakasta handia izan zuen: Frankenstein (1931), Mary Shelley-ren eleberriaren egokitzapenik ospetsuena eta bikainena; The Old Dark House (1932, Etxe Zahar Iluna), The Invisible Man (1933, Gizon ikusezina), H.G. Wells-en eleberrian oinarritua; The Bride of Frankenstein (1935, Frankensteinen andregaia). Gero melodramak, gerraren aurkako filmak, musikalak egin zituen. 1940 inguruan zinema utzi eta pinturari ekin zion. Filmak: Waterloo Bridge (1931), The Kiss Before the Mirror (1933), One More River (1934), Remember Last Night? (1935), Show Boat (1936), Sinners in Paradise (1938), Port of Seven Seas (1938), The Man in the Iron Mask (1939).