Westphalen, Emilio Adolfo
Perutar poeta eta kritikaria (Lima, 1911 - Lima, 2001). Xavier Abril eta César Mororekin batera 1930 ondoko urteetan, André Bretonek sortutako higikundearen eraginpean, Peruko poesia berritu zuen talde surrealistako kidea. Letretako ikasketak egin zituen, Limako San Markos Unibertsitatean. Ikasketak amaitu eta berehala argitaratu zituen bere lehen poema bildumak: Las ínsulas extrañas (1933, Irla bitxiak) eta Abolición de la suerte (1935, Zortearen abolizioa). 1939an El uso de la palabra literatura aldizkari surrealistak argitaratu zuen ale bakarraren zuzendaria izan zen. Bi aldi desberdinetan Peruko kultura aldizkari nagusietako biren zuzendari izan zen: Las moradas-ena 1947-1949 bitartean eta Amaru-rena 1967-1971 bitartean. Halaber, Revista Nacional de Cultura aldizkariaren arduradun izan zen 1964-1966 bitartean. 1949an New Yorkera joan zen bizitzera eta Nazio Batuen Erakundean itzultzaile gisa lan egitera. 1957-1963 bitartean Erroman bizi izan zen, itzultzaile gisa baita ere, Nazio Batuetako Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen (FAO) zerbitzura. Perura itzuli zenean Kolon aurreko Ameriketako arteko irakasle izan zen. Gero, diplomatiko gisa lan egin zuen Lisboan eta Mexikon. Bere obran, surrealismoaren eraginez gainera, abangoardiako beste idazle batzuen eragina ere nabari da: Pound, Eliot, Rilke, garai hartako mexikar idazleak, etab. Lan nagusiak: Bajo las zarpas de la quimera. Poemas 1930-1988 (1991, Irudipenaren atzaparretan. 1930-1988 bitarteko poemak), bere aurreneko bi liburuen eta Arriba bajo el cielo (1982, Goian zerupean) obraren bilduma; Máximas y mínimas de sapiencia pedestre (1982, Oinezko jakituriaren maximak eta minimak); Nueva serie (1984, Sail berria); Belleza de una espada clavada en la lengua (1986, Mihian sartutako ezpata baten edertasuna); Ha vuelto la diosa Ambarina (1988, Ambaria jainkosa itzuli da).
- West, Mae
- West, Morris
- western
- Westfalia
- Westminster
- Westphalen, Emilio Adolfo
- Weyden, Roger van der
- Weygand, Maxime
- Weyl, Hermann
- Whale, James
- Wheatstone, Charles