Weyden, Roger van der
(Jaiotza izenez Roger de La Pasture) Flandestar pintorea (Tournai, 1399 - Brusela, 1464). Bere jaioterrian egin zituen pintura ikasketak Robert Campin pintorearekin. Bruselara joan zen eta Jan van Eyck pintore handiaren eragina izan zuen. Handik gutxira Gurutzetik jaistea koadro ezaguna pintatu zuen, geroko koadroetako konposizioaren oreka eta dramatismo sakonaren aurretikoa izan zena. Bruselako hiriko pintore izendatu zuten eta bere garaian arrakasta handia izan zuten lau koadro egin zituen hiri horretako udaletxerako. 1450. urtean Italiara joan zen baina ez dirudi lurralde hartako arte mota gustukoa egin zitzaionik. Italiatik itzuli ondoren Jesus Gurutzean eta Zazpi sakramentuak koadro erlijiosoak eta erretratuak (Karlos Ausarta, Frantzisko Estekoa) pintatu zituen.