western
(Eusk. “mendebala”). iz. Gertalekutzat Ipar Ameriketako mendebala, kolonoen garaian, duen filma. Westernak zineman izan du arrakasta handiena, baina literaturan, irratian eta telebistan ere landu izan da; bestalde, batez ere Estatu Batuetakoa bada ere, Argentinako gautxoen artean ere badira genero honetako kontakizunak, eta baita Australian ere. Arrakasta handiena XX. mende hasieran eta erdialdean izan zuen, eta gero nolabait ere behera egin zuen. Westernaren ezaugarri nagusia, iraunkorrena, alderdi epikoa da: paisaiaren handitasuna azpimarratzen da, eta handitasun hori bat dator mendebalaren konkistaren prozesu historikoarekin; alegia, egiten ari den nazio bat agertzen dute westernek, nazio horrek lurrak konkistatu eta kolonizatu ahala. Denboran, garai berekoak dira zinemaren sorrera eta Ameriketako mendebaleko muga desagertzea, eta, hori dela eta, ideologia jakina dute western klasikoek: “batasunaren” parte izatearen harrotasuna. John Ford zuzendaria izan da genero honen maisu handiena. v 1935. urtetik aurrera, gutxi gorabehera, egin ziren film entzutetsuenak: Forden Drums along the Mohawk, 1939; Walshen They Died with their Boots on, 1941; Union Pacific, de Mille, 1939; urte berekoa da Forden Stagaecoach, John Wayne, film hauetako heroi arketipikoa irudikatzen duen aktorea, ezagutarazi zuena. Pixkanaka, konkistarekin zerikusi zuzena ez duten gaiak agertzen hasi ziren westernetan, erotismoa esate baterako (King Vidor, 1943, Duel in the Sun); indiarren irudia ere aldatzen da, eta horrenbestez, bere kultura eta duintasuna duen pertsonaia da indiarra (Aldrich, 1954, Apache). Ildo horretatik, arazo moralak eta sozialak agertzeko erabiltzen da westerna: horren adibide garbia da High Noon (Zinneman, 1952). 1950-1965 urteak oso oparoak izan ziren; zuzendari gazteak hasi ziren lanean (Tourneur, Fuller), eta “zaharrak” klasizismora iritsi ziren (King, Walsh, Hawks, Hathaway). Fordengan bereziki antzematen da gaien aldaketa: Moises lur agindutik bidali zuten bezala, Mendebaleko gizona ere gizataldetik bidaltzen dute, eta ezin du berak konkistatu duen lurraz gozatu (1956, The Searchers). 1960. urtetik aurrera, Hollywoodeko generoen krisiarekin batera, hasi zen western generoaren beherakada; telebistako sailek hartu zuten hein batean filmen lekua (Bonanza, Gunsmoke), eta Italian “western-spaghetti” deitua sortu zen, Ameriketakoaren imitazio kaskarra. Western moderno asko Mendebaleko konkistaren mitoa hausten saiatu dira, genozidioaren, gogorkeriaren, militarren ankerkeria azalduz (Altmanen Buffalo Bill and the Indians, 1976).