Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Weimar

Alemaniako erdi-ekialdeko hiria, Erfurt-eko barrutian, Ilm ibaiaren ertzean, Erfurt-eko hiriaren ekialdean. 63.373 biztanle. Industria (nekazaritzarako makineria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, doitasun tresneria, portzelana) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira, besteak beste, XV. mendeko kolegiata (XVIII. mendean berritua), Goetheren esanetara berritutako gaztelua (1790-1803), XVI. mendeko gaztelu gorria eta gaztelu berdea (XVIII. mendean eraberritua), Belvedere etxeko jauregia (XVIII) eta XVIII. mendeko hainbat etxe eta jauregi, Goethe eta Schiller idazleena artean. v Historia. 975. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz, Wimare izenaz. 1254. urtean hiri-gutuna jaso zuen eta 1247-1372. urteetan Weimar-Orlamünde kondeen mende egon ondoren 1547an Saxonia-Weimarreko dukerriko hiriburu bihurtu zen. 1815-1918 bitartean Saxonia-Weimar-Eisenacheko Dukerri Handiko hiriburua izan zen. 1918-1919. urteetako iraultzaren ondoren, Alemaniako Biltzar Nazionalak errepublika berria aldarrikatu zuen hiri honetan (1919). 1920-1948. urteetan Turingiako hiriburua izan zen eta Bigarren Mundu Gerran zehar kalte handiak jasan zituen. Weimartik hurbil, Etters mendietan, Buchenwald-eko kontzentrazio esparru handia eraiki zuten Bigarren Mundu Gerran (1937); 56.000 lagun inguru hil ziren bertan. Buchenwald-eko kontzentrazio esparru honetan esperimentu ugari egin zituzten pertsona biziekin.  v  Weimarko Errepublika. Alemaniak Lehen Mundu Gerra galdu ondoren 1919an Alemaniako Biltzar Nazionalak konstituzio berria idatzi zenetik Hitlerrek Alemaniako aginpidea eskuratu bitarteko (1933) Alemaniako gobernualdiari ematen zaion izena. Gobernualdi hartan indarrean izan zen konstituzioa Weimarren idatzia zelako ematen zaio izen hori.