Weir, Judith
Eskoziar musikagilea (1954). Antzerki musikaleko partiturak idazteagatik ezaguna. John Tavernerrengandik hartu zituen musika eskolak, eta gaztetan Eskoziako Gazte Orkestran jo zuen. Gero Robin Hollowayrekin ikasi zuen Cambridgeko King's Collegen. Bere lehenbiziko piezek –Out of the Air (1976) eta King Harald's Saga (1979)– oso estilo pertsonala dute eta bere ondoko obretako hots argitasuna eta perzepzio dramatikoa antzematen dira. Musika iturri baztertuak edo alternatiboak aztertu ditu bereziki: Txina, Serbia, Eskozia eta Espainiako herri musika, besteak beste. Hori dela eta, pieza harrigarriak idatzi ditu: The Consolation of Scholarship (1985), A Night at the Chinese Opera (1987) eta Heaven Ablaze in His Breast (1989) bezalako drama musikalak, edota The Vanishing Bridegroom (1990) eta Blond Eckbert (1994) bezalako operak. Bai konposizio horiek bai bere obra instrumentalak hizkuntza melodiko eta armoniko berezia izateagatik bereizten dira, eta orkestrazio urriagatik.