Weir, Peter
Australiako zinemagilea (Sidney, 1944). 1967tik 1973ra telebistan lan egin zuen, dokumental eta film labur asko eginez. The Cars That Ate Paris (1974) du lehen film luzea. Picnic at Hanging Rock (1975) filmearekin ezagun egin zen nazioartean. The Last Wave (1977, Azken uhina) eta Gallipoli (1981) dira hurrengo filmak. The Year of Living Dangerously (1982, Arriskuan bizi izan ginen urtea), Indonesiako iraultzan girotutako abentura filmak arrakasta handia izan zuen eta Hollywoodeko ateak zabaldu zizkion. Estatu Batuetan Witness (1985, Lekukoa) egin zuen, amish sektan girotutako polizia film bikaina. Geroztikoak ditu Mosquito Coast (1986, Eltxoen kostaldea), Dead Poets Society (1989, Hildako Poeten Elkartea), arrakasta handia izan zuena, eta Green Card (1990, Txartel berdea).