Vizcaíno Casas, Fernando
Espainiar idazlea (Valentzia, 1926 - Madril, 2003). Zuzenbide ikasketak egin zituen eta zinema eta antzerkigintzako zuzenbidean espezializatu zen. Aldizkari eta egunkari askotan idatzi du. 1955 eta 1966. urteetan Zinemagintzako Idazleen Zirkuluko Domina lortu zuen, eta azken urte horretan zinemari buruzko kazetaritza lan onenaren Informazio Ministerioaren Saria irabazi zuen. Beste zenbait sari aipagarri: antzerkiko Valentzia saria (1953), Calderón de la Barca (1950), Hispanoamerikako Unibertsitatea (1949). Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko lehendakariorde izan zen. Bere obrek, egilearen ideologia eskuindarraren eraginpean, egungo gaiak aztertzen dituzte, umore handiz: La España de la posguerra (1975, Gerra ondoko Espainia); La boda del señor cura (1977, Apaiz jaunaren ezkontza); Niñas… ¡Al salón! (1976, Neskak… salara!); Y al tercer año resucitó (1978, Eta hirugarren urtean berpiztu zen); Hijos de papá (1979, Aitatxoren semeak); Chicas de servir (1985, Zerbitzurako neskak). Antzerki lan aipagarrienak: La senda iluminada (1949, Bidezidor argiztatua); El baile de los muñecos (1950, Panpinen dantza); El escultor de sus sueños (1953, Bere ametsen eskultorea), etab. Bestalde, zuzenbideari eta zinemari buruzko zenbait liburu idatzi ditu: Derecho Cinematográfico español (1952, Zinemagintzako espainiar zuzenbidea); Legislación cinematográfica y teatral (1954, Zinemagintza eta antzerkigintzako legedia); Las Leyes del Teatro (1958, Antzerkiaren legeak); Diccionario del cine español (1966, Espainiar zinemaren hiztegia); Historia y anécdota del cine español (1976, Espainiar zinemaren historia eta anekdota).
- Vivarini
- Vivas, Fruto
- Vivekananda, Swami
- Vives, Amadeo
- Vives, Juan Luis
- Vizcaíno Casas, Fernando
- Vizcaíno, Ramón
- Vizcaino, Sebastian
- Vizcaya
- Vladikavkaz
- Vladimir Ia