Vivekananda, Swami
(Jaiotza izenaz Narendranath Datta). Hindu buruzagia eta erlijio eraberritzailea (Kalkuta, 1863 - Kalkuta, 1902). Bere irakaspenetan Indiako espiritualtasuna eta Mendebaleko aurreramendu materiala batzen ahalegindu zen, bi alderdi horiek elkarren osagarritzat jorik. Bengalako familia noble batean jaioa zen, eta Mendebaleko hezkuntza sistemaren arabera egin zituen ikasketak. Hasieran Brahmo Samaj elkarteko kide izan zen, eta geroago Ramakrishnaren jarraitzaile eta ikasle ezagunenetakoa izan zen. Vedanta eskolaren bultzatzaile handietako bat izan zen. Himalaian egiten ari zen erretiroa utzi eta Ameriketan eta Europan zehar ibili zen Vedanta mugimendua zabaltzen. Berriro Indiara itzulirik, 1897an Ramakrishna misioa sortu zuen Kalkuta ondoan, Vendantaren ikuspegi berria munduan zehar zabaltzeko.