Vives, Juan Luis
Espainiar humanista eta filosofoa (Valentzia, 1492 - Brujas, 1540). Hamazazpi urte zituela Espainiatik ihes egin behar izan zuen, bere judu jatorriagatik Inkisizioak esetsirik. Parisen ikasi ondoren (1509-1512), Lovainako irakasle izendatu zuten (1519). Ingalaterrako Henrike VIII.ak deitu zuen Galesko Margarita printzesaren irakasle izan zedin, eta egonaldi hartan Oxforden ere irakatsi zuen. 1527an, alabaina, sei asteko kartzelaldia jasan zuen erregearen dibortzioaren aurka azaldu zelako. Handik aurrera Brujasen hartu zuen bizilekua. Bere obra guztia latinez idatzia da. Sorbonan ezagutu zituen azken eskolastikaren metodoak kritikatu zituen –Adversos pseudo-dialecticos (1519, Sasi logikoen aurka)–, eta prozedura pedagogikoen berriztapena proposatu –De causis corruptarum artium (1531, Filosofiaren endekatzearen kausak)–. Errenazimentuko pentsalariak ezagutu zituen (Erasmo, Budé, Th. More) eta erreforma humanistaren alde jardun zuen; gizonari ikuspegi guztietatiko hezkuntza eskaintzea proposatzen zuen. Behaketari eta esperientziari garrantzi handia emanik, mende bat geroago Baconek formulatuko zuen metodo enpirikoa erabili zuen. Vivesek eragin handia izan zuen bere garaiko pentsamendu filosofikoan. Vivesen zenbait obra: De ratione studii puerilis (1523, Haurren ikasketaren arrazoiaz); De institutione foeminae christianae (1523, Emakume kristauaren heziketa); De officio mariti (1529, Senarraren betebeharrak); De concordia et discordia in humano genere (1529, Adiskidetasuna eta haserrea gizadian); De anima e vita (1538, Arima eta bizitza).