Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Viterbo

Italiako erdialdeko hiria eta izen bereko probintziako (3.612 km2 eta 279.513 biztanle) hiriburua, Lazion, Cimino mendiaren oinetan, Erromako hiriaren ipar-mendebalean. 58.000 biztanle. Nekazaritza produktuen merkataritza eta industria (janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira hiriko gune historikoko monumentuak: XII. mendeko katedral erromanikoa, San Sisto, Santa Maria Nuova eta San Giovanni in Zoccoli eliza erromanikoak, San Francesco, Santa Maria della Salute, iturri, klaustro eta Aita Santuaren etxe gotikoak, Alessandri jauregia eta Errenazimentuko Santa Maria della Quercia eliza. Hiritik hurbil Ferento hiri etruriar-erromatarraren hondakinak eta San Martino al Cimino monasterio zistertarra daude. v Historia. Hiri etruriarra izan zen kolonia erromatar bihurtu baino lehen. VIII. mendean Aita Santuaren lurraldeetan sartu zen; hiriaren jabetasunak Aita Santuaren eta enperadorearen arteko lehia ekarri zuen. 1257. urtean Aita Santuak bizilekutzat hartu zuen. 1309an Aita Santuak bizitokia Avignonen hartu zuenean hasi zen hiriaren gainbehera.