Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vitiges

Ostrogodoen erregea 536-540. urteetan (Asian hila, 542). Amalasunta erreginaren ministroa zen eta, geroago, Italiako ostrogodoek errege izendatu zuten Teodatoren ordez. Teodorikoren iloba Matasuntarekin ezkondu zen (536) eta Ravenan gudaroste sendoa osatu zuen, baina ezin izan zuen eragotzi Belisariok Erroma konkistatzea. 537-538. urteetan setiaturik eduki ondoren ezin izan zuen Erroma berreskuratu eta iparraldera egin behar izan zuen ihes. Justinianok patrizio eta Asiako lurralde baten jabe egin zuen.