Viren, Lassen
Finlandiar atleta (Myrskyla, 1949). 1920 ondoko urteetan Paavo Nurvi bide luzeko lasterkariak hasitako tradizioaren azkeneko oinordekoa. 10.000 eta 5.000 metroetako txapelduna 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan eta 1976ko Montréaleko Jokoetan. Bi lasterketa horiek Olinpiar Joko banatan irabazi dituen atleta bakarra da oraingoz. 1969ko Finlandiako gazte txapelketan nabarmendu zen lehen aldiz, 5.000 metroko lasterketa aise irabazi eta errekorra hautsi ondoren: 14 minutu, 17 segundo. Municheko 1972ko Olinpiar Jokoetan ere, 10.000 metroko lasterketa irabazteaz gainera munduko errekor berria ezarri zuen: 27 minutu, 38 segundo. Handik egun gutxira, 5.000 metroko lasterketan, olinpiar errekorra hautsi zuen: 13 minutu, 26 segundo. 1976ko Olinpiar Jokoetan, Montréalen, aise irabazi zituen bi lasterketok. Bi garaipenak aski iruditu ez nonbait eta Zatopeken 1952ko balentria errepikatu nahi izan zuen maratoia ere korrituz. Proba horretan parte hartzen zuen lehen aldia zen eta bosgarren geratu zen. 1980ko Olinpiar Jokoetan berriro lehiatu zen baina ez zuen dominarik lortu.