Virenque, Richard
Frantses txirrindularia (Casablanca, Maroko, 1969). Frantziako Itzuliaren mendiko sari nagusia lau urtez jarraian irabazi zuen (1994-1997). 1992. urtean egin zen ezaguna: Frantziako Itzulian elastiko horia jantzi zuen zenbait egunez, eta bigarren geratu zen mendiko sailkapen nagusian. Batez ere mendiko etapetan nabarmendu zen, eta etapa zelaietan eta erlojuaren aurkakoetan hobera egin ondoren, sailkapen nagusian aurrera egitea lortu zuen: bosgarren geratu zen 1994an, bederatzigarren 1995ean, hirugarren 1996an eta bigarren 1997an. Iraupeneko edo bide luzeko munduko txapelketan ere lasterketa bikainak egin zituen: hirugarren geratu zen eta bere taldekide Luc Leblanci irabazten lagundu zion 1994an, seigarren izan zen 1995ean, eta bosgarren 1996an. Azkeneko urteetan bere ahalmen fisikoak areagotzeko gaiak hartzeaz akusatu zuten eta lasterketetan parte hartzea debekatu zioten.