Virchow, Rudolph Carl
Alemaniar medikua eta politikaria (Schivelbein, Pomerania, 1821 - Berlin, 1902). Berlinen egin zituen medikuntza ikasketak. Würzburg-eko eta Berlingo unibertsitateetako irakasle eta Prusiako parlamentuko eta Reichstag-eko diputatu izan zen. 1848an Silesiako tifus exantematikoak eragindako izurritea ikertzeko ardura eman zitzaion; oso ezagun egin zen gai horri buruz egin zuen txostena, ehundegietako langileen osasun eta gizarte egoera hobetzeko egin zituen eskaerengatik. Zelulen patologiari buruzko ikerketak egin zituen (1850), eta eritasunen jatorria zeluletan dela argitu zuen; bere teoria Die Cellularpathologie (1862, Zelulen patologia) liburuan argitaratu zuen, eta lan horrek arras aldatu zuen eritasunen ordu arteko ikuspegia. Virchowk zelula oro beste zelula batean duela sorburua agertu zuen, harrezkero klasiko bihurtu den Omnis cellula e cellula aforismoaren bidez. Eritasun askori buruzko ikerketak egin zituen: bera izan zen leuzemia aipatu eta enboliari buruzko argitasunak eman zituen lehena, eta baita, 1846an, neuroglia deskribatu zuen lehena ere.