Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Virgilio

(Lat. Publius Virgilius Maro). Erromatar poeta (Andes, gaur egun Pietole, Mantua, K.a. 70 - Brindisi, K.a. 19). Literaturaren historiako poeta handienetako bat da Virgilio, eta, besteak beste, Eneida obra epikoaren egilea izateagatik da batez ere ezaguna. Nekazari aberatsen semea zen, eta oso gizon ikasia. Mantua, Cremona, Milan, Erroma eta Napolin egin zuten ikasketak; Erroman Epidio erretorika irakaslearekin eta, Napolin, Siron filosofo epikureoaren eskolan. 41. urtean lurrak kendu zizkioten, soldadutza amaitu zutenen artean banatuak izan baitziren (soldaduen gehiegikeriak eta gerra zibileko gorabeherak haren artzain giroko kantuetan samintasunez aipatzen dira), baina, handik urte batzuetara, Erromako gizon nagusien laguntzari esker atzera eskuratu zituen. Hala ere, osasun ahulekoa baitzen, ez zen bere lurretan bizi izan, Napolin eta Erroman baizik. Erromako politikan parte hartu ez bazuen ere oso harreman estuak izan zituen garai hartako gizon aipagarrienekin, Oktavio eta A. Polionekin esate baterako, eta arteen babesle handienetakoa izan zen Mezenas ministroaren babesa ere izan zuen. Bizitzako azken hamar urteak Eneida lantzen eman zituen, eta poematan aipatzen ziren Greziako eta Asia Txikiko tokiak ezagutzera egindako bidaiatik itzultzean, gaixoturik, hil zen. Dirudienez, hilzorian zegoela, eskuizkribua desegin zezaten eskatu zuen, behin-behinekotzat jotzen baitzuen, baina haren lagunek gorde eta argitaratu zuten.  v  Virgilioren lehen obra handia artzain giroko hamar eglogen bilduma da, Bukolikoak (42-37), hexametrotan idatzia, eta Teokritoren ereduaren eraginpean egina. Liburu honek oso ospe handia eman zion, eta ohorezko tokia Mezenasen babespeko literatura giroan. Ondoren Georgikak (36-29) poema didaktikoa idatzi zuen lau liburutan, nekazaritza, abere hazkuntza eta erlezaintzaz. Liburuak, Mezenasen aholkuz egina, gerra zibilak amaituta jendea lurra lantzera bultzatzea zuen helburu. Geroztik literaturaren historiako poema luze eta handienetako bat, Eneida, idazten eman zuen bizitza osoa. Homeroren poemen eraginez eta Erromako historiaren bertuteak goraipatzeko gogoak bultzatuta idatzi zuen Eneida, eta horretarako Eneasen elezahara hartu zuen abiapuntutzat. Virgilioren obraren eragina handia izan da literaturaren historian, ez bakarrik erromatarren garaian baita ondotik ere, Danterengandik aurrera, eta Errenazimentuaren garaian bereziki.