Viotti, Giovanni Battista
Italiar biolin-jotzailea, musikagilea eta irakaslea (Fontanetto Po, 1755 - Londres, 1824). XVIII. mendearen bukaerako Europako biolin-jotzaile onenetako bat izan zen. G. Pugnaniren ikasle izan zen Turinen eta errege kaperako kide. Geroago, Alemanian, Errusian, Polonian eta Frantzian eman zituen kontzertualdiak. 1784-1789. urteetan Maria Antonietaren gorteko musikari izan zen Parisen. 1792-1798. urteetan Londresen bizi izan zen, eta denboraldi batean errege antzokiko zuzendari egin zuten. 1819-1822. urteetan Parisko italiar operako zuzendari izan zen. Lan aipagarriak ditu: 29 biolin kontzertu, 10 kontzertu pianorako; harizko tresnetarako 21 kuarteto; 18 biolin sonata eta beste zenbait lan.