Vigil Pascual, Marcelo
Espainiar historialaria (Madril, 1930 - Salamanca, 1987). Filologia klasiko, arkeologia eta historia ikasketak egin zituen, Madrilen. Filologia klasikoko lizentzia lortu ondoren, Antonio García y Bellido arkeologia katedradunaren esanetara jarri zen doktore tesia egiteko. 1958-1959 bitartean, Londresen ikasteko dirulaguntza eskuratuta, erromatarren garaiko beirei buruzko lanak egin zituen, Harder doktore ospetsuaren zuzendaritzapean, eta Neolito, Brontze eta Burdin aroei buruzko ikasketak, halaber. 1960-1961 bitartean Erromako Unibertsitaterako diru laguntza lortu zuen eta Behe Inperioari buruzko ikasketak egin zituen. 1961ean Austrian izan zen, Magdalenbergeko indusketetan lan egiten. 1965. urtean Antzinako Historiako katedra lortu zuen Granadako Unibertsitatean, eta Salamancako Unibertsitatekoa gero. Handik aurrera Salamancan egin zuen lan. 1963tik aurrera Abilio Barbero de Aguilera irakaslearekin batera erromatarren azkenaldiari eta Goiz Erdi Aroari buruzko lanak idatzi zituen, Marcelo Vigilek historiari egin dion ekarpenik handiena. Lanik aipagarrienak: Sobre los orígenes sociales de la Reconquista (1965, Errekonkistaren jatorri sozialaz), Algunos problemas sociales del norte de la Península a fines del Imperio Romano (1968, Penintsulako iparraldeko zenbait gizarte arazo Erromatar Inperioaren azken aldian), El vidrio en el mundo antiguo (1969, Beira antzinako munduan), Manual de Historia Antigua de España (1969, Espainiako Antzinako Historia Eskuliburua), La formación del feudalismo en la Península Ibérica (1970-1978, Feudalismoaren sorrera Iberiar Penintsulan).