Vieuxtemps, Henri
Belgikar musikagilea eta biolin-jotzailea (Verviers, 1820 - Mustapha, Aljer, 1881). Sei urte zituela eman zuen lehen biolin kontzertua. 1828. urtetik aurrera Bérioten ikasle izan zen Parisko kontserbatorioan. 1833. urtean kontzertuak eman zituen Alemanian eta kontrapuntua ikasi zuen Sechter-ekin Vienan. 1835. urtean konposizioa ikasi zuen Reicharekin Parisen. 1838. urtean Errusian izan zen eta 1844. urtean, berriz, Estatu Batuetan. 1846-1852. urteetan San Petersburgoko gorteko biolin-jotzaile eta irakasle izan zen. 1871. urtean biolin irakasle izan zen Bruselan. Garai hartako biolin-jotzaile handienetakoa izan zen. Sei biolin kontzertu, biolin sonatak eta Beethovenen kontzerturako kadentziak idatzi zituen.