Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vietnam

(Izen ofiziala, Vietnamgo Errepublika Sozialista; Vietnameraz, Cong Hoa Xa Hoi Chu Nghia Viet Nam). Asiako hego-ekialdeko estatua, Indotxinako penintsulako ekialdeko kostaldean. 329.566 km2 eta 77.311.210 biztanle (1999, vietnamdarrak). Mugak: iparraldean, Txina; ekialdean eta hegoaldean, Tonkingo golkoa eta Hego Txinako itsasoa; mendebaldean, Thailandiako golkoa, Kanbodia eta Laos. Hiriburua: Hanoi. Hizkuntza ofiziala: vietnamera. Erlijioa: budismoa, % 55,3; katolizismoa, % 7; islama, % 1; besteak, % 36.7. Etniak: vietnamdarrak, % 87,1; tho-ak, % 1,8; txinatarrak, % 1,5; thai-ak, % 1,5; khmer-ak, % 1,4; muong-ak, % 1,4; nung-ak, % 1,1; besteak, % 4,2. Diru ofiziala: dong-a.  v  Orografia eta hidrografia. Lau alderdi nagusi bereiz daitezke Vietnamgo lurraldean: Annam mendiak barnealdean, Ibai Gorriaren delta iparraldean, Mekong ibaiaren delta hegoaldean eta ordoki estuak itsasertzean. Annam mendi malkorrak Txinako Yunnan mendien jarraipena dira eta, ipar-mendebaletik hego-ekialdera, lurraldearen bi herenak hartzen dituzte. Baso tropikal trinkoak estaliak dira. 2.000 m-tik gorako mendi asko dira Annam-en, eta Txinako mugatik hurbil dagoen Fan Si Pan da guztietan garaiena (3.134 m). Hegoaldeko erdian mendiak eta goi-ordokiak tartekatzen dira. Ibai Gorriaren deltak 10.000 km2 inguru hartzen ditu Tonkingo golkoaren aurrean. Batzuetan ibaiak, bat-batean, gainezka egiten du eta lur sail handiak hartzen ditu urpean. Deltako lurra nekazaritzan erabiltzen da eta ibaia ureztapenerako eta garraiorako. Mekong ibaiaren deltak, hegoaldeko muturrean, 40.000 km2 inguru hartzen ditu eta munduko arroz toki handienetakoa da. Urtean behin gainezkaldi luzea izaten du, eta lohi geruza berriez estaltzen eta zabaltzen da. Bi delta horiek itsasertzeko zelai meharrez lotuak dira.  v  Klima eta landaredia. Klima tropikal hezea da. Udan 38 °C-tik gora egin dezake lurralde osoan. Negua epela da hegoaldean (25 °C) eta hotzagoa iparraldean (15 °C). Urtean 1.500 mm euri inguru izaten da Ibai Gorriaren deltan eta hiru aldiz gehiago erdialdeko mendietan. Euri gehiena udako montzoiak ekarria da, maiatzetik urrira. Noizean behin Hego Txinako itsasoko haize-erauntsiak jotzen du.  v  Hosto iraunkorreko oihan tropikalak eta hosto erorkorreko basoak (haritza, pagoa, gaztaina, pinua, teka, ebanoa) lurraldearen bi bostenak hartzen dituzte. Banbua ere oso zabaldua dago bai zuhaiztien artean eta baita ibai ertzetan ere. Kostaldean ur gaziko landaredia hazten da. Goi-ordokiak sabanako belardiak eta zuhaixkak estaltzen dituzte. ■ Biztanleak. Vietnamdarrek osatzen dute etnia nagusia. Batez besteko biztanle dentsitatea 228 bizt./km2 bada ere, alde handiak daude eskualde batetik bestera: iparraldeko deltan biztanleen % 27 bizi da lurraldearen % 8an (1.000 bizt./km2); hegoaldeko deltan, berriz, biztanleen % 35 lurraldearen % 19an (445 bizt./km2). Erdialdeko kostaldeko ordokietan biztanle dentsitatea handia da; goi lurraldeetan, berriz, oso biztanle gutxi bizi dira. Hogeita hamar urteko gerrak biztanleengan izan dituen eraginen artean aipatzekoa da gizonezkoen artean izan den heriotza tasa garaia. Biztanleriaren hazkunde naturala, % 2,6 urteko 1981-1988 bitartean, jaisten doa jaiotzen mugatze plangintzari esker; hala ere garaia jarraitzen du oraindik: % 2,1 (1996). Bi gerren ondorioz, herrialdean bertan biztanleen leku aldatze handia izan da: iparraldeko katolikoak hegoaldera, hegoaldeko iheslariak iparralderantz, herrietako biztanleak hirietara hegoaldean, eta alderantziz iparraldean. 1975eko batasunaren ondoren, biztanle asko eta asko ekonomia gune berrietara joan zen. Gerraren ondorioz iheslari asko izan zen (1,3 milioi 1975-1989 urteen bitartean), eta Estatu Batuak (500.000 lagun), Kanada, Australia eta Frantziara joan ziren gehienak. Atzerrian bizi ziren vietnamdar haiek urteko mila milioi dolar inguru bidaltzen dituzte beren herrialdera. Horrez gainera, Ekialdeko Europako herrialde sozialista ohietan Ipar Vietnamgo 270.000 langile daude; langile haiek beren herrialdearen kanpoko zorra ordaintzen laguntzeko bidali ziren herrialde horietara. ■ Ekonomia. Vietnam herrialde pobrea da: urteko batez besteko errenta 240 dolarrekoa da laguneko (1995). Ekonomian eta aberastasunean alde handiak daude eskualde batetik bestera. Ekonomia kolonialaren ondoren (1954), bi erregimen izan ziren, komunista iparraldean eta kapitalista hegoaldean. Iparraldean, nekazaritzaren erreforma ahularen ondoren, 1975. urteaz geroztiko kolektibizazio (kooperatibak) programak ez zuen nekazaritza ekoizpena hazterik lortu. 1979. urtetik aurrera, ordea, familiara mugatutako ustiakuntza sistema hartu zuten. 1988 eta 1989. urteetan izan ziren liberalizazioekin bizkortu egin zen kolektibizazioak amaitzeko prozesua. 1993ko ondasunen gaineko lege berriaren bidez, indartu egin zen nekazariek lurra erabiltzeko eskubidea. Arroz ekoizpena 13 milioi tonatik (1980) 26 milioi tonara igo zen (1996). Industriak izan zuen bilakaera nekazaritzaren oso antzekoa izan zen. 1979. urteko lehenengo liberalizazioa 1987an berretsi zen atzerriko inbertsioak indartzen zituen lege baten bidez. 1990-1996 urteen bitartean ekonomia vietnamdarrak % 8-9,5 bitarteko urteko hazkundea izan zuen. Baina 1997ko Asiako krisiak geldiarazi egin zuen hazkunde hori. ■ Nekazaritza. Nekazaritza da Vietnamgo ekonomiaren oinarria: BPGren % 28 hartzen du eta langileen % 72 (1995). Mekong ibaiaren deltan ekoizpenaren % 38 lantzen da eta Ibai Gorriaren deltan, berriz, % 18. Delta inguruetako lurraren % 90 arroza lantzeko erabiltzen da (19,4 milioi tona urtean) eta, toki askotan, bi uzta biltzen dira urtean. Arrozaz gainera azukre kanabera, artoa, batata, tea, barazkiak, mandioka, tabakoa, soja, kafea, kotoia, hebea (kautxua) eta fruitu garratzak lantzen dira, besteak beste. Vietnam burugaina da elikagaiei dagokionez, eta 1989. urtetik aurrera munduko hirugarren arroz esportatzailea da Thailandia eta Estatu Batuen ondoren. 1990eko hamarraldian txerri eta hegazti hazkuntzak garrantzi handia hartu du. Arrantzak ere gora egin du azken hamarraldiotan, eta proteina iturri nagusia bihurtu da (400.000 tona 1980an, 900.000 1995ean). Basoak lurraldearen % 44 hartzen zuen 1943an, eta 1995ean, berriz, % 23. Basoaren urritze horrek bi arrazoi nagusi ditu: batetik, herrialdeko bertako erabilera, eta, bestetik, estatubatuarren kontrako gerra. Basoaren urritzea lehen mailako arazo bihurtu da vietnamdarrentzat, eta 1992an gobernuak debekatu egin zuen zuraren esportazioa. ■ Mea eta energia baliabideak. Vietnamek aberastasun handia du lurpean, ikatza eta burdin mea batez ere (ipar-ekialdea). Bauxita, kromoa, kobrea, eztainua, titanioa, zinka, urrea, apatita, fosfatoak eta harribitxiak ere badira. Ustiatzen den ikatzaren parte bat Japoniara esportatzen da. Petrolioa 1986. urteaz geroztik ustiatzen da, hegoaldean aurkitu diren itsaspeko hobiei esker. Ateratzen den petrolioaren bostena Japoniara eta Singapurrera esportatzen da. Hala eta guztiz ere, petrolioaren ustiaketa ez da uste bezainbestekoa izan. Gas naturaleko hobiak ere garrantzizkoak dira. Elektrizitatearen produkzioa urria da, hegoaldean batez ere. ■ Industria. Industriak BPGren % 30 hartzen du (% 22 eskulangintzako industriak), eta langileen % 13k dihardu sektore horretan lanean (1995). 1987. urteaz geroztik, ordu arteko estatuaren mendeko sistemaren ordez merkatu ekonomia nagusitu zen. Kontsumo ondasunak, esportaziora zuzenduak batez ere, indartu ziren. Iparraldean industria astunak eta ekipo ondasunak (siderurgia, engranajeak, papera) dira nagusi. Industria arinak eta eskulangintza, esku lan merkearekin, hegoaldean daude batez ere: ehungintza, elikagaiak, osagai elektrikoak eta elektronikoak. Vietnamek merkataritza harremanak ditu Singapur, Hego Korea, Japonia eta Taiwanekin. Turismoa gorantz doan sektorea da (1,6 milioi turista 1996an). 1997ko Asiako krisiaren ondorioz, esportazioak eta hazkunde tasa nabarmen jaitsi dira, eta donga debaluatu egin da (% 20). ■ Historia. Lehen garaiak. Arkeologia aurkikuntzen arabera Vietnamgo herria Neolito Aroan moldatu zen Song Cai-ko (Ibai Gorri) deltan, bertan finkaturik zegoen melanesiar edo indonesiar tankerako biztanleria eta iparretik etorritako mongoliar jatorriko jendea elkartu ondoren. Brontzea Dong Son deituriko zibilizazioan azaldu zen, K.a. 1000. urtean. K.a. III. mendean Au Lac deitu erreinua eratu zen eta K.a. 208an Txao To txinatar jeneralak Nam Viet erreinua sortu zuen.  v  Txinaren mende. K.a. 111n Nam Viet osoa Txinako probintzia bihurtu zen eta hala iraun zuen mila urte inguru. Hegoaldean, Annamen eta Kotxintxinan, hinduen zibilizazioaren eragin nabarmena zuen Tsampa erreinua sortu zen. Txinak bere administrazioa ezartzearekin, herrialdea egituratu zuen, bertako gizartea txinatartu zen eta goi klaseak konfuzianismora bihurtu ziren. Txinaren aurkako matxinadak izan baziren ere –Trung ahizpak (K.o. 39-43), Ly Bon (541-602)– 939. urte arte ez zuen Nam Viet-ek askatasuna lortu. v Dinastia nazionalak. Bertako zenbait familiak gobernatu zuten herrialdea: Dai Viet; Le (980-1009); Ly (1010-1225). Ly dinastiarekin estatua garatu zen, eremua hedatu zen –Tsampari lurraldeak hartu zituen–, hiriburua egungo Hanoin finkatu zuten eta khmeren erasoak geldiarazi zituzten. Tran dinastiak (1225-1413) mongolen erasoei aurre egin zien eta Hue aldea beretu zuen (1306). 1400. urtean Ho Quy Ly aginpideaz jabetu zen eta Txina –Tran familiari tronua itzultzeko aitzakitan– herrialdeaz jabetu zen berriro (1407). Le Loy txinatarren aurka matxinatu zen 1427an eta herrialdetik egotzi ondoren Le dinastia berria sortu zuen (1428). Le Thanh Ton-ek (1460-1497) Tsampa menderatu zuen eta erdialdeko Mekong-eraino iritsi zen. 1527an Mac Dang Dung gudaroste buruzagiak aginpidea eskuratu zuenetik egonkortasuna galdu zen herrialdean. v Iparraldea hegoaldearen aurka: herrialdearen zatiketa. 1592an Trinh familiak Hanoi hartu zuen eta Le-tarrak berrezarri zituen tronuan, benetako aginpidea beren eskuetara iragan zelarik. Hegoaldean, ordea, Nguyen familia indartsuak aurre egin zien. Herrialdea zatitu zen eta Tonkin eta Annam erresumen arteko gatazka 1627tik 1802ra luzatu zen. Aldi horretan hasi ziren mendebaldeko herrialdeak bertako arazoetan esku hartzen: portugaldarrek, lehenik, Nguyen-darrei lagundu zieten; gero, holandarrek eta britainiarrek merkataritza guneak ezarri zituzten bertan eta frantsesak, azkenik, Nguyen-darren alde aritu ziren. v Herrialde batua. 1802an Nguyen Anh-en gudarosteak Hanoi hartu zuen eta erreinua berriro batu zuen bere agintaritzapean. 1804an Nguyen Ahn enperadoreak (1802-1820), Gia Long izena harturik, Vietnam deitu zion bere erreinuari eta Hue aukeratu zuen hiriburutzat; errege absolutu gisa gobernatu zuen; administrazioa zentralizatu zuen eta herri lan handiei ekin zien: errepideak, ubideak, dikeak, portuak, gotorlekuak… Ming Mang (1820-1841), haren ondorengoak Kanbodia protektoratutzat hartu zuen (1834) eta kristauek lagunduriko Saigongo matxinada zapaldu zuen (1833-1835). Ondoko enperadoreak, Thieu Tri (1841-1847) eta Tu Duc (1847-1883), administratzaile nabarmenak izan ziren baina Frantziaren presio geroz handiagoa jasan behar izan zuten. v Frantsesen konkista (1859-1895). Bertako kristauen eta mendebaleko misiolarien jazarpena aitzakia harturik, Napoleon III.ak Vietnam bere mende hartzea erabaki zuen. 1859an frantsesek Saigon hartu zuten. 1862ko itunaren ondorioz Frantzia Kotxintxinaz jabetu zen eta 1873an Hanoin sartu ziren. 1883an enperadoreak Annam eta Tonkin Frantziaren mendeko protektoratu aldarrikatzen zituen ituna onartu behar izan zuen. Txina gatazkan sartu zen frantsesen aurka, baina 1885ean Vietnam osoaren gaineko aginpidea aitortu zion Frantziari. 1887an frantses gobernari nagusi baten mendean zegoen Indotxinako Elkartea sortu zuten frantsesek, Kotxintxina, Annam, Tonkin, Kanbodia eta Laos barne zirela. v Higikunde abertzaleen sorrera. Frantziak administrazioa aldatu zuen, letratu tradizionalen ordez, bere aldeko jendea ezarri zuen eta hezkuntza sistema aldatu zuen. 1905etik aurrera, europar hezierako burges giroetan, kolonialismo egoera aldatzea helburu zuten zenbait talde sortu ziren. Gero beste erakunde erradikalago batzuk agertu ziren: Nguyen Thai Hoc-ek 1927an Viet Nam Quoc Dan Dang (Vietnamgo Alderdi Nazionala) eratu zuen Txinako Kuomintang-en eredura eta 1930ean Indotxinako Alderdi Komunista sortu zen, Ho Txi Minh buruzagi nagusi zuela. Bi alderdiok herriaren matxinada prestatu zuten 1930ean baina, arrakastarik ez izanik, ondoko errepresio gogorra jasan behar izan zuten. Iraultzaileen aurka, frantsesek erreforma bideak sustatu zituzten: 1932an Frantzian ikasia zen Bao Dai enperadoreak bere karguaz jabetu zen eta Ngo Dinh Diem gaztea izendatu zuen ministro. Administrazioa berritzen saiatu ziren arren ez zuten emaitza nabarmenik lortu. 1940an japoniarrak lurraldeaz jabeturik, higikunde abertzaleak indartu egin ziren. v Independentziaren aldeko gerra. 1941ean Vietminh-en sorrerak independentzia nazionalaren aldeko borroka luzearen hasiera markatu zuen. ik. Indotxinako gerra, Vietminh.  v  Vietnamgo gerra. Vietnamgo batasuna aurrikusten zuten Genevako Ituneko erabakiak (1954) Vietnamgo Errepublikak ez betetzean abiatu zen gatazka armatua, Indotxinako II. gerra ere deitu izan dena (1955-1975).  v  Ngo Dinh Diem-en aldia. Estatu Batuen laguntza zuela, Ngo Dinh Diem-ek Bao Dai enperadorea eraitsi eta errepublika aldarrikatu zuen, Genevako erabakiei uko egiten zien bitartean. Horrenbestez, su-etenaren ondoren hegoaldean ziren Vietminhgo kideek errepresio gogorra jasan zuten, demokratek zein liberalek erbesteratko bidea hartu behar izan zutelarik. 1957an azkeneko oste frantsesek alde egin zuten Indotxinatik, Estatu Batuek laguntza militarrerako ordezkaritza bertan finkatu ondoren. 1960ko urtarrilean lehen gudu irekiak gertatu ziren eta urte berean gobernuaren aurkako borroka gidatu behar zuen Askapenerako Fronte Nazionala (FNL) sortu zen, komunistek eta joera ezberdineko beste zenbait alderdi politikok bultzatua. v Estatu Batuak gerran. 1960an Estatu Batuen eskuhartze zuzena hasi zen eta 1961ean Kennedyren administrazioak “aholkulari” militarren kopurua gehitu zuen. Hala eta guztiz, 1963an Diem-en gudarostea lehen aldiz garaitua izan zen; gobernuak budisten kontrako zapalkuntza bideratu zuen eta haietako batzuen jendaurreko suizidioak (1963ko maiatza) mundu osoaren jakinmina erakarri zuen. Estatu Batuek Diem familia bertan behera utzirik, militarrek hartu zuten aginpidea. Johnson-en lehendakaritzapean (1965-1968), Westmoreland jenerala Vietnamgo amerikar gudarostearen buru zela amerikarren eskuhartze zuzena emendatu zen –275.000 soldadu 1966an, 550.000 1968an–. Estatu Batuek Vietnamgo Errepublika Demokratikoa bonbardatu zuten, napalm-a eta landaredia hondatzen duten produktuak erabiliz, aldi berean beren tropek operazio handietan parte hartzen zutela. Vietnamgo Errepublikak, 1965etik Nguyen Van Thieu eta Cao Ky jeneralak agintari nagusiak zirela, 1.500.000 gizonez osaturiko gudarostea eta polizia zituen bere mende. Guztiarekin ere, FNL indartsu ageri zen landa eremuetan eta 1966an hegoalde osoaren hiru laurdenetan bere administrazioa ezarri zuen. FNLren barne bi tropa mota bereizten ziren: herri milizia, tokian tokiko gerrilla ekintzak burutzen zituena eta tropa erregularrak, higikortasun handikoak eta etsaiari oste handitan erasotzeko gai zirenak. FNLren esku zeuden lurraldeen aurkako bonbardaketa etengabeek biztanleak bertatik alden eraztea eta kontrolaturiko hirietara biltzea zuten helburu, baina ondorio latzak ekarri zituzten: nekazaritza guneak hondaturik eta abandonaturik geratu ziren eta hirietara gehiegizko jendetza bildu zen denbora laburrean, gizartea guztiz desegituratua geratu zelarik. Vietnamgo Errepublikaren ekonomia guztiz Estatu Batuen mende geratu zen. 1968ko urtarriletik martxora FNLk Tet –Urte Berriko jai vietnamdarra– izeneko eraso orokorra jo zuen: gerrillari talde handiak erabiliz 34 probintzia hiriburuz eta garrantzi gutxiagoko beste hainbat hiriz jabetu zen denbora batez. Estatu Batuek, beren estrategiaren porrotaz oharturik, iparraldeko bonbardaketak geldiarazi zituzten (1968ko martxoak 31). Hanoik bake negoziazioak hastea proposatu zuen eta Johnson-en admnistrazioak elkarrizketak hastea onartu zuen (Pariseko Ituna, 1968ko maiatza).  v  Vietnamdartzea. Estatu Batuetan 1965etik aurrera geroz eta jende gehiagok azaltzen zuen gerraren aurkako iritzia, batez ere ikasleen artean. 1968an, Nixon lehendakari hautatua izan ondoren, Estatu Batuetako agintari berriek “vietnamdartzea” deitu estrategia berria abiatu zuten: beren tropak gutxitzen hasi ziren arian-arian eta aldi berean Saigongo errejimenari erabateko laguntza ekonomikoa zein militarra ematen zioten. FNLk 1969ko ekainean Behin-Behineko Iraultza Gobernua sortu zuen. 1969ko abuztuan Washington eta Hanoi isilpeko negoziaketan hasi ziren Parisen, H. Kissinger eta Le Duc Tho ordezkari nagusiak zirela. Aldi berean, ordea, Estatu Batuek bere aire indar guztia erabili zuten oinezko tropen murrizketa orekatzearren eta Ho Txi Minh pista deitua (iparraldetik hegoalderako laguntza bideratzen zuena) hondatzearren. Xede horretan, CIAk Kanbodian sustaturiko estatu kolpeak Sihanuk neutralista eraitsi zuen (1970eko martxoa) eta ondoren hegoaldeko gudarostea amerikarrekin batera sartu zen herrialde hartan; antzeko ekintza egin zuten Laosen (1971ko martxoa). Ahalegin guzti horiek ez zuten inolako garaipen garbirik ekarri; aitzitik, etsai guztien –Ipar Vietnam, FLN, Patet Lao, Kanbodiako gerrilla– ekintza batasuna bermatu zen. Borroka tokiak ugaldu ziren eta herri gudarostea zenbait lurralde estrategikoz nagusitu zen: Mekong haraneko goi eskualdeak, Kanbodiako iparraldea, etab. Negoziaketan, Estatu Batuek uko egin zioten Hanoik eta Behin-Behineko Iraultza Gobernuak aurkezturiko bake planari, hauek Van Thieu-ren dimisioa eta nazio akordiorako gobernua eskatzen baitzituzten (1971ko ekaina-uztaila). v 1972ko ofentsiba orokorra. 1972ko martxoaren 30ean FLNen indarrek eta Errepublika Demokratikoko gudarosteek erasoa jo zuten; Quang Tri probintziaz jabetu eta Saigondik 100 kilometrora hurbildu ziren. Erantzun gisa, Iparraldeak gerra hasieratik izandako bonbardaketarik gogorrenak eta hilgarrienak jasan zituen (Hanoi, Haiphong). Halaber, Estatu Batuek minak jarri zituen iparraldeko portuetan, erabateko blokeoa ezarriz. v Parisko akordioak. Zigor horiek gorabehera, FNLri garaitzeko ezintasuna gero eta garbiago ageri zen Estatu Batuentzat eta 1973ko urtarrilaren 15ean bonbarbaketak gelditu zituzten. Handik egun gutxira, urtarrilaren 27an, bake ituna sinatu zuten. Estatu Batuek bi administrazioen existentzia onartzen zuten Hegoaldeko Vietnamen eta, nazio akordiorako batzordea eratu aurretik, su-etenaren beharra aitortzen zuten. Guztiarekin ere, Van Thieu-ren gudarosteak, Estatu Batuek bultzaturik, ahaleginak egin zituen Behin-Behineko Iraultza Gobernuaren mendeko eskualdeak eskuratzearren, baina honen kontraerasoak beharturik, 1975eko martxoan Thieu-ren gudarostea erdialdeko goi ordokietatik erretiratu zen, Saigonen inguruko defentsa perimetroa finkatzeko. Hala ere, Behin-Behineko Iraultza Gobernuaren etengabeko garaipenek etsaien desmoralizazioa eragin zuten eta, apirilaren 30ean, haien eta Errepublika Demokratikoko gudarosteak Saigonen sartu ziren. v Vietnam batua. 1976ko uztailean iparraldeak eta hegoaldeak Vietnamgo Errepublika Sozialista eratu zuten, eta Ton Duc Than izan zen lehenengo lehendakaria. Nazio askok berehala ezagutu zuten estatu berria. Egin beharreko lana, ordea, handia zen. Oinarri ezberdineko bi sistema ekonomiko adostu beharra zegoen, eta gerraren ondorioei aurre egin behar zitzaien: Saigonen 500.000 pertsona lanik gabe zeuden eta laborantza lurretara itzuli behar zuten, bonbardaketak deseginik ziren lurraldeetara hain zuzen; amerikarrak erretiratu ondoren 300.000 prostituta geratu ziren, eta droga gogorren mendekotasunak jotako 20.000 lagun inguru. Gerra ondoren milioi inguru pertsonak ihes egin zuen, aurreko erregimenarekin zerikusia zutenen eta erdi mailako gizarte klaseetako pertsonen artean. Auzo herriekiko harremanei dagokienez, 1978ko abenduan, SESBen eta Txinaren arteko etsaigoaren ondorioz, Vietnamgo gudarosteak Kanbodiari eraso zion eta Txinaren laguntza zuen khmer gorrien gobernuaren ordez, beren aldeko gobernua ezarri zuen aginpidean. Ekintza horren ondorioz, 1979ko otsailaren 17an Txinaren erasoa jasan behar izan zuen. Vietnamek bere tropa guztiak Kanbodiatik atera zituenean (1989ko iraila), itun bat sinatu zuen 1990ean Txinarekin zuen gatazka amaitzeko. 1992an Konstituzio berria onartu zen Vietnamen. Konstituzio berri hark aukera ematen zuen hauteskundeetan hautagai independenteak aurkezteko. Hala eta guztiz ere, urte hartako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaien % 90 Alderdi Komunistako kide ziren. 1992an Estatu Batuetako senatari batzorde batek Vietnam bisitatu zuen 2.000 gerra presoei buruz hitz egiteko. Pribatizazio neurriek eta atzerriko inbertsioen liberalizazioak BPG % 8,3 igotzea ekarri zuen. 1993 eta 1994. urteetarako gobernuak hazkunde hori % 8 eta % 9 izango zela hurrenez hurren aurreikusten zuen. Garai horretan Vietnamgo kanpo ekonomia bi gairen mende zegoen: arroza eta, maila apalagoan, petrolioa. Arrozaren ekoizpenaren igoerak onurak ekarri zizkion batez ere hegoaldeari, eta aldi berean, nabarmendu egiten zituen Vietnam hegoaldearen eta iparraldearen arteko desberdintasunak. 1993. urtean langabezia % 30era iritsi zen, eta kontrabandoa gorantz ziohan. Estatu Batuen boikota 1993an hasi zen desagertzen, Senatuko batzorde batek azaldu zuenean Vietnamen ez zegoela preso estatubatuar soldadurik. 1994ko otsailean, 19 urte igaro ondoren, Clintonek merkataritza blokeoaren amaiera iragarri zuen. Alderdi Komunistak gogor egiten zion kontra politikaren eta ekonomiaren liberalizazioari. Vietnam eta Estatu Batuen artean 1995. urteaz geroztik hasi ziren harreman diplomatikoak. Harreman haien ondoren, askok uste zuten Estatu Batuetako enpresa asko berehala joango zirela Vietnamera inbertsioak egitera, baina ez zen horrenbestekoa izan, zain baitaude Vietnamgo ekonomia noiz liberalizatzen den. 1997an, Asiako diru krisia Vietnamera iritsi zen. 1997an, Tran Duc Luong lehendakari eta Phan Van Khai Lehen Ministro hautatu zituzten. 1998an, lehorteak 7 mila kafe sail hondatu zituen, eta beste 40 mila galtzeko zorian utzi. 1999an, uholdeek kalte latzak eragin zituzten ekonomian. Ustelkeria gero eta gehiago zabaldu zen, eta, 1998an, arazo nazionaltzat aitortu zuten agintariek; hiru funtzionario hil zituen gobernuak, ustelkeria egotzita, eta hainbat ministro eta goi mailako kargu dimisioa ematera behartu zituzten. 2000n eta 2001ean, hainbat hitzarmen sinatu ziren Vietnamen eta Estatu Batuen artean. 2002an, 59 epaiketetan ehunka lagun eta erakunde epaitu zituzten bankuetan iruzurra egiteagatik. 2002ko uztailean, Tran Duc Luong berriz aukeratu zuten lehendakari eta Phan Van Khai, berriz, Lehen Ministro. 2004an, hegazti gripea zeritzan gaixotasun baten pandemia bat izan zen Vietnamen, baina urte horretan bertan indargabetu zuten gaixotasuna. 2005ean, gerra bukatu izanaren 30. urteurrena ospatu zuten. Phan Van Kahi Lehen Ministroa aurrenekoz joan zen Estatu Batuetara bisita ofizialean. 2006an, legebiltzarrak ikerketa sakon bat egin zuen hainbat ministeriotako ustelkeria argitzeko, eta, azkenean, Lehen Ministroak eta beste goi mailako kargudun batzuek dimisioa eman behar izan zuten. 2007an, Nguyen Tan Dung Lehen Ministro berriak gobernua eraberritu zuen.
http://www.vietnamtourism.com/