Vigneault, Gilles
Québec-eko idazlea, musikagilea eta kantaria (Natashquan, 1928). Musika klasikoko ikasketak egin zituen Rimouskiko seminarioan. Matematikak, latina eta frantsesa irakatsi zituen, eta aldi berean poemak eta ipuinak argitaratu zituen. 1950ean Québec-en hartu zuen bizilekua eta letretako lizentzia egin zuen. Telebistarako idazten hasi zen, l'Arc argitalpena sortu zuen eta film batean parte hartu zuen, La Canne à pêche (Arrantzarako kanabera). 1961ean irakaskuntza utzi zuen eta Georges Brassens frantses abeslariarekin bat egin zuen. Lehenengo emanaldian arrakasta handia izan zuen, eta 1962an lehenengo diskoa kaleratu zuen, Jack Monoloy. Lan horregatik Diskoaren Sari Handia lortu zuen 1963an. 1966an, lehenengo diskoa kaleratu zuen Frantzian eta 1976an izugarrizko arrakasta lortu zuen Superfrancofête jaialdian, Robert Charlebois eta Félix Leclerc-ekin batera. Honoris causa doktore izendatu dute hainbat unibertsitatetan, hala nola, Peterborough, Rimouski, Montréal, Toronto, Laval, Lyon, eta Québec-eko Ordena Nazionaleko zaldun (1985) eta Frantziako Ohorezko Legioko zaldun (1985).