Viet Cong
(Eusk. Vietnamgo Komunista). 1959an Hego Vietnamgo gobernuak komunistei eta haien aliatuei ezarri zien mespretxuzko izena. 1960an indar horiek Hego Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazionalean (FNL) bildu ziren. Beren programan ezinbesteko zenbait puntu aldarrikatzen zituzten: atzerriko tropa guztiak herrialdetik alde egitea, Hego Vietnamen burujabetasuna eta neutraltasuna ezagutzea eta Ipar Vietnamekin arian-arian egin beharreko batasuna. 1961etik Viet Cong FLNko gudarostea bihurtu zen; funtsean borrokari gehienak hegoaldekoak ziren, Hanoik armaz eta laguntzailez hornitzen zituela eta gerraren gidaritza bere gain hartzen zuela. 1969an FNLek, beste zenbait indarrekin batera, Behin-Behineko Iraultza Gobernua eratu zuen, Parisko bake ituneko negoziazioetan partu hartu zuena (1971-1973). Viet Cong-ek funtsean gerrilla gerrari ekin zion, mugikortasun handiko gudari talde txikiak erabiliz; gehienbat landa eremuan eta herri txikietan indartu zen, herri handiak eta hiriak Saigongo gobernuaren esku utzirik. ik. Vietnam.