Vienako Taldea
edo Zirkulua. (Al. Wiener Kreis). Higikunde neopositibista, Moritz Schlink epistemologoaren inguruan, 1920. urtetik aurrera, filosofo, logikari eta jakintsu alemaniar eta austriarrak elkartu zituena. R. Carnap, P. Franck, H. Hahn, V. Kraft, O. Neurath, H. Reichenbach, F. Waismann, eta, hasieran, L. Wittgenstein izan ziren taldeko kide ezagunenak. Taldearen tesiak Wissenschaftliche Weltauffassung: Der Wiener Kreis (1929, Munduaren ikusmolde zientifikoa: Vienako Zirkulua) manifestuan eta Erkenntnis aldizkarian (1930, Ezagutza) agertu ziren. Logika matematikoaren (Frege, Russell), eta fisika modernoaren eraginpean (Einsteinen erlatibitatearen teoria, Planck-en quantumena), esanahiaren zientzia koherente bat eraikitzen saiatu zen taldea, hizkuntzaren analisiaren bidez, eta metafisika, etika, erlijio eta estetikatik sorturiko sasi-arazo guztiak saihestuz. Adierazpen enpirikoen (esperienzia sintetikoen adierazpenak, egiazta daitezkeenak) eta zientziaren logikaren enuntziatu analitiko edo tautologikoen arteko bereizkuntza eginda, azken horiek hizkuntzaren sintaxi logikora bihurtzen saiatu zen. 1938an, naziekin arazoak zituztela eta, taldea desegin zen, eta kide gehienek atzerrira jo behar izan zuten, Estatu Batuetara batez ere.