Vienako biltzarra
1814-1815 urteetan, Napoleonen hondamendiaren ondoren, Europako estatu ahaltsuenek (Prusia, Austria, Errusia, Britainia Handia) mugak zehazteko deitu zuten biltzarra. Azken akta 1815eko ekainaren 9an izenpetu zen. Europaren egituratze berria aberriak kontuan hartu gabe egin zen, estatu ahaltsuenen interesen araberea, eta Europako monarkia absolutistak indartu zituen. Biltzarrak Frantzia 1792an zuen lurraldera mugatu zuen, eta Fernando VII.a Espainian eta Luis XVIII.a Frantzian ezarri zituen errege. Mugak zehaztu zirenean Prusiak Dantzig, Pomerania, Westfalia eta Saxoniako parte bat eskuratu zituen; Austriak 1772an lortu zuen Poloniako zatia gorde zuen, Tirol, Galitzia eta Lombardia eta Veneziako erreinua eskuratu zituen, eta baita sortu berria zen Germaniako Konfederazioko lehendakaritza ere; Errusiak Poloniako parterik handiena (Varsoviako Dukerri Handia), Finlandia eta Besarabia eskuratu zituen, eta Britainia Handiak berriz Hannover, Malta, Joniako uharteak, Gibraltar eta zenbait kolonia; Italia zatitua geratu zen, Aita Santuak Bolonia, Ravena eta Ferrara eskuratu zituen berriro eta Napoliko erreinua borboitarrek; Herbehereetako erreinua sortu zen Belgika eta Holandarekin, eta Norvegia Danimarkaren mendean egotetik Suediaren mendean egotera igaro zen. Biltzar honetako erabakiek Frantziak galdutako nagusitasunaren alde eta Alemaniak eta Italiak lurralde batasunaren alde borrokatzea eragin zuten.