Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Viena

(Al. Wien). Austriako hiriburua eta estatua (415 km2 eta 1.533.176 biztanle), errepublikaren ipar-ekialdean, Danubio ibaiaren ertzean. 1.487.577 biztanle. Unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Merkataritza (iharduera handiko ibai portua), turismoa eta industria (tresneria elektrikoa eta mekanikoa, papergintza, ehungintza, nekazaritzarako makineria, automobilgintza, burdinbide eta eraikuntzarako gaiak, kimika industria, petrolio findegiak, zurgintza, janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentuei dagokienez hiri ikusgarria da oso eta garai askotako eraikuntzak gorde ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, XII. mendeko San Eztebe katedrala (suak kiskalia, eta bi mende geroago berriz eraikia), XIII. mendeko Hofburg jauregia (austriar enperadoreen egoitza izan zena), XIV. mendeko Minoritenkirche eliza, San Karlos Borromeo eliza barrokoa, Estatuko Opera antzoki Errenazimentukoa, molde gotikoan eginiko Votive eliza, udaletxe gotiko berantiarra, molde klasizistako Schömbrunn eta Belvedere jauregi handi ikusgarriak. Viena Europako hiriburua izan da mendeetan zehar musikari dagokionez. Bertan bizi izan ziren Haydn, Mozart, Beethoven, Schubert, Brahms, Strauss, Mahler, Schoenberg eta haien gisako musikagile handiak, eta Vienan dago, halaber, musikako orkestra sinfoniko handienetarikoaren egoitza (Vienna Philharmonic). 30 museotik gora daude eta Rembrandt, Durero edota habsburgotarren bildumak daude ikusgai, besteak beste. Freud, Haydn, Mozart, Beethoven eta Schubert-en bizilekuak ere museo dira gaur egun. v Historia. Herri zelta bat zen erromatarrek han gotorleku bat egokitu zutenean (Vindobona). Erdi Aroan germaniarren eta magiarren mende egon zen. XVI. mendean Austriako habsburgotarren etxeak hiriburu egin zuen eta, 1558-1806. urteetan, Germaniako Erromatar Inperio Santuko hiriburua izan zen. Austriako inperioko hiriburua izan ondoren 1867-1918 bitartean inperio austriar-hungariarreko hiriburua izan zen. XVIII. mendean, Maria Teresa enperadorearen agintaldian bereziki, arkitektura barrokoaren gune nagusi bihurtu zen. 1806. eta 1809. urteetan Napoleonek hartu zuen eta Frantzisko Jose I.aren garaian heldu zen hiriaren oparotasun maila gorena. Lehen Mundu Gerra amaitutakoan habsburgotarren inperioa desegin ondoren ez hiriak ezta Austriak ere ezin izan zioten aurre egin higikunde nazionalsozialistari eta 1938an bat egin zuten Austriak eta Alemaniak (Anschluss). Bigarren Mundu Gerran Alemaniak galdu ondoren sobietarrek Viena hartu zuten (1945) eta lau nazioren (Sobietar Batasun ohia, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua) administraziopean jarri zuten 1955. urtea arte. 1955ean Austria burujabearen hiriburu egin zuten.