Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vicenza

Italiako iparraldeko hiria eta izen bereko probintziako hiriburua, Veneton, Bacchiglione eta Retrone ibaien ertzean, Lessini eta Berici mendien artean. 109.109 biztanle ditu hiriak eta 2.722 km2 eta 743.764 biztanle probintziak. Apezpikutegia. Aireportua. Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Nekazaritza produktuen merkataritza eta industria (janari industria, ehungintza, altzairugintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, kimika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentuei dagokienez, hiri ikusgarria da oso. Aipagarriak dira, besteak beste, erromatarren garaiko harresien eta bi zubiren hondakinak, San Silvestre eliza erromanikoa, XIII. mendeko Koroa Santua eta San Lorentzo eliza gotikoak, Santa Maria dei Servi, katedrala eta hainbat jauregi gotiko berantiar, Palladiok eta Scamozzik eraikitako jauregiak eta udaletxea. Aipagarriak dira, halaber, hiritik hurbil dauden Rotonda jauregia (Palladiok eraikia) eta XV-XVIII. mendeetako Madonna di Monte Berico santutegia. v Historia. Erromako hiri bihurtu zen K.a. 49. urtean. Lombardiako dukerriko hiriburua izan zen ondoren. XII. mende hasieran errepublika txikia osatu zuen. 1236. urtean Frederiko II.ak hiria hustu zuen. Verona (1311) eta Veneziaren (1404) mendean egon ondoren, Maximiliano enperadorean eskuetan egon zen. 1797an Austriaren administraziopean geratu zen eta, 1805-1814. urteetan, Italiako erreinuarenean. Berriro ere Austriaren mendean egon ondoren, 1866an Italian sartu zen. Kalte handiak izan zituen Bigarren Mundu Gerran.