Vicario, Begoña
Bizkaitar zinemagilea (Lezama, 1962). Euskal Herriko animazioko film laburren zuzendari berritzaileenetarikoa da. Animazio irakaslea ere bada Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Animazio teknikak Gasteizko Diseinu Zentroan eta Moskuko Poit Estudioan ikasi zituen, eta 2000. urtea arte animazioko bost film labur egin ditu. Zinemagintzan 1993. urtean hasi zen, orduan zuzendu baitzuen lehenengo lana, Geroztik ere izenekoa. Bertan, poliziak etxea miatu ondoren emakume batek bizi dituen ondorio psikologikoak aztertu zituen. Hiru urte geroago Zureganako grina egin zuen, giza harremanei buruzko irudikapena. Hirugarren laburra ere 1996. urtean filmatu zuen. Gazteleraz egindako Pregunta por mi (1996) lanak etorkin afrikar baten kezkak islatu zituen; 1997. urtean animazioko Goya saria irabazi zuen film honek. 2000ko Gasteizko Ikus-Entzunezkoen Jaialdian, Esperimentazio saileko lehen saria irabazi zuen, Haragia (1999) bere azken film laburrarengatik.