Vico, Giambattista
Italiar filosofoa (Napoli, 1668 - Napoli, 1744). Familia pobre batean jaio zen, eta eskolan ibili bazen ere, bere kasa egin zituen ikasketa gehienak. 1686-95. urteetan Della Rocako dukearen semeen irakasle gisa aritu zen lanean Palermon, eta 1699an erretorikako katedradun izendatu zuten Napoliko unibertsitatean; ia hil zen arte jardun zuen lan horretan. Vicoren lehen lanetan, De nostri temporis studiorum ratione (1709), eta De antiquissima italorum sapientia (1710) idatzietan, ageri da jadanik arrazionalismo mekanizistaren kontrako jarrera, bigarrenean bereziki, Descartesen sistema arrazionalistaren ukapena baita; Vicoren iritziz gizonak ez du errealitatearen ulerpena izadiaren legeetan aurkitu behar (Jainkoak baino ez du ezagutza hori), baizik eta gizonaren beraren egite eta sinesteetan. Ideia horiek zabalago agertu zituen gero bere obra nagusian, Principi di una sienza nuova d’intorno alla commune natura della nazioni (1725, Nazioen izaera komunari buruzko zientzia berri baten hatsapenak), Scienza nuova izenaz ezagunagoa, eta, osorik, egilea hil ondoren argitaratu zena. Obra horretan, ikusmolde kristauaren baitan, jakintzaren alor asko aztertuz (hizkuntzalaritza, mitologia, idazkera sistemak, biografiak…), gizarteen bilakaera gidatzen duten lege unibertsalak zehazten saiatu zen Vico. Zibilizazio guztien historiak hiru aldi ditu harentzat, legearen ikusmoldearen araberakoak: jaiotza, garapena eta gainbehera. Lehena jainkoen aldia da, aldi primitiboa; legea jainkoak emana dela uste da, eta izadiaz gaindiko gertaeren eta izakien beldurrez da gizona. Bigarrena heroien garaia da, aginpidea aristokraziako talde txiki baten eskuetan dagoena. Azkena gizonena da, eta lege sistema arrazoizkoa da, gizon guztiei eskubide berdinak ematen dizkiena; materialismoa gehiegizkoa bada, ordea, gainbehera etor daiteke, beste garai primitibo batera, eta era horretan zikloa (“corsi e ricorsi”) berriz hasten da. v Vicoren teoriek eragin handia izan dute. Goethek biziki miresten zuen, eta haren zikloen teoria beretu zuen. XIX. mendean, ordea, izan zuten Vicoren ideiek harrera handiena: Jules Michelet frantses historialari erromantikoarengan lehenbizi; Auguste Comte frantses filosofo positibistak Vicorengandik hartu zuen gizadiaren hiru aldien ideia, eta Karl Marxen materialismo dialektikoak (erlijioaren ikusmoldea gorabehera) asko zor dio Scienza nuova-ko teoriari. Oro har, antropologia kulturalaren edo etnologiaren aitzindaritzat hartua da Vico.