Victor, Paul-Émile
Frantses esploratzailea eta etnologoa, lurburuetan espezialista (Geneva, 1907 - Bora-Bora, 1995). Lyongo Eskola Nagusian ingeniaritza ikasi zuen, eta Parisko Etnologiako Instutuan etnologiako diploma lortu zuen. Groenlandiara 1934an joan zen lehenengo aldiz Pourquoi-pas? ontzian, Jean Charcot-ekin batera. Denboraldi luzean egon ziren han eta eskimalen ohiturak eta hizkuntza aztertu zituen, eta haiekin bizi izan zen. Bigarren Mundu Gerran parakaidista aritu zen, eta Alaskako Estatu Batuetako gudarostean egon zen. 1947an Frantziako Les expéditions polaires françaises sortu zuen, eta horretan aritu zen 1976. urtea arte. 1957-1961 urteen bitartean Groenlandiara egin zen nazioarteko espedizioaren buru izan zen. Espedizio haren helburua zen glaziarren dinamika aztertzea neurketa geofisikoen laguntzaz. Bizitzako azken urteetan Polinesia frantsesean hartu zuen bizilekua. Hainbat lan idatzi zituen: Boréal (1938); La Voie lactée (1961, Esne bidea); L'Homme à la conquête des pôles (1962, Gizakia lurburuen konkistan); Pôle Nord, pôle Sud (1968, Iparburua, Hegoburua).