Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Venezuela

(Izen ofiziala, Venezuelako Errepublika; Esp. República de Venezuela). Hego Ameriketako iparraldeko estatua. 912.050 km2 eta 26.414.815 biztanle (2008, venezuelarrak). Mugak: iparraldean, Karibeko itsasoa; ipar-ekialdean, Ozeano Atlantikoa; ekialdean, Guiana; hegoaldean, Brasil; mendebalean, Kolonbia. Hiriburua: Caracas (3.247.000 biztanle hirialdea barne, 1990). Hiri nagusiak: Maracaibo, Valencia, Barquisimento, Maracay, Petare. Hizkuntza ofiziala: espainiera. Etniak: mestizoak, % 69; zuriak, % 20; beltzak, % 9; indiarrak, % 2. Erlijioa: katolikoa, % 91,7; besteak, % 8,3. Dirua: bolivar-a.  v  Garraiabideak nahikoak dira iparraldean baina oso urriak erdialdean eta hegoaldean, eta hegazkina edo ontzia izaten dira alderdi horietako toki batzuetara heltzeko bide bakarrak. Guztira 52.000 km errepide eta 440 km burdinbide ditu. Horrenbestez Venezuelak behar-beharrezkoak ditu portuak merkataritza harremanetarako: La Guaira, Maracaibo eta Puerto Cabello dira portu nagusiak. Hegazkin gehien dabiltzan aireportuak Caracasko Maiquetia eta Simón Bolívar dira.  v  Gobernua eta gizartea. 1961. urteko konstituzioaren arabera lehendakariak du aginpide eragilea, eta berak izendatzen dituen ministroen laguntzarekin gobernatzen du. Bost urtez behin hautatzen da bozketa bidez. Legegintzako aginpidea, berriz, Diputatuen eta Senatarien ganbarez osatua dagoen eta bost urtez behin bozketa bidez hautatzen den Legebiltzarrari dagokio. Administrazioari dagokionez Venezuelak hogei estatu, Barruti Federala, bi lurralde, eta erakunde federalak ditu.  v  Petrolioaren ustiapenaren etekinak direla eta, Hego Ameriketako herrialdeen artean errenta per capita handienetakoa du Venezuelak. Gizarte laguntzaren babesa eta osasun egoera ere, oro har, onak dira. Baina, hala ere, gizarte mailen artean alde handia dago oraindik ere, eta jende asko bizi da behartasunean, aldirietan gehienbat. Irakaskuntza nahitaezkoa eta dohain da 7-14 urtekoentzat.  v  Orografia eta hidrografia. Hiru alderdi nagusi bereiz daitezke Venezuelako lurraldean: iparraldeko mendi gazteak (Andeak eta Kostaldeko mendikatea), Guianako lur-krosko zaharra eta, bien artean, Orinoco ibaia (2.063 km) igarotzen den Los Llanos-ko sakana. Venezuelako Andeak bi adar nagusitan daude banatuak. Batak, Perija-ko mendikateak, ipar-mendebaleko muga egiten du Kolonbiarekin eta Mana Tara mendian du gailurra (3.370 m). Besteak, Merida-ko mendikateak, herrialdeko mendirik garaiena du: Bolivar mendia (5.002 m). Bi mendikate horien artean Marakaiboko aintzira dago (50.000 km2), hondoan munduko petrolio hobi handienetakoa duena. Kostaldeko mendikatea Andeen 700 km-ko luzapena da. Bi mendilerro paraleloz osatua da eta bien arteko sakanean Valenciako aintzira (364 km2) eta herrialdeko hiri nagusietako batzuk ditu. Beste era bateko egitura dute, berriz, Lara eta Falcon estatuek, Ande mendien iparraldean, mendi apalez (Socopo, 1.604 m) eta ibarrez osatuak izaki. Los Llanosko sakan ia lauak lurralde osoaren heren bat hartzen du Ande mendien eta Ozeano Atlantikoaren artean. Orinoco ibaiak eta Andeetatik iristen zaizkion adarrek ureztatzen dute. Orinocoren eskuinaldeak Guianako egitura orografiko zaharraren muga egiten du. Ibai horren eskuinaldeko adarren higadurak agerian utzi ditu granitozko haitz handiak, tepui deituak, gainaldeko sabanako zelaian nabarmentzen direnak (Auyan-Tepui, 2.500 m). Guianako Curipira, Parima eta Pacaraima-ko mendikateek Orinoco eta Amazonas ibaien banalerroa eratzen dute, eta Venezuelaren eta Brasilen arteko muga egiten. Pacaraimako mendikateko Roraima mendia da alderdi horretako gailurra (2.810 m). Kostaldeak 3.000 km inguru ditu, hautsia da, eta handik hurbil, Venezuelaren mendean dauden uharteen artean, Margarita uhartea da handiena (920 km2). Bestalde, gaur egun Guianako estatuaren mendean dagoen zati handi bat, Essequibo ibairen arterainokoa, hain zuzen ere, beretzat eskatzen du Venezuelak.  v  Klima eta landaredia. Klima ekuatorekoa du hegoaldean eta tropikala erdialdean eta iparraldean. Hegoaldean euri asko izaten da urte osoan zehar eta baso tropikalak estaltzen du lurraldeko parte hori. Los Llanosen ez da euririk abendutik apirilera, eta sabanako landaredia hazten da, zuhaitzak ibaietako ertz hezeetan baino ez baitira hazten. Iparraldean mendiek zerikusi handia dute klimaren gorabeheretan, ez baitute haizea sartzen uzten. Hala, iparraldeko behealdeko lurrak oso beroak eta lehorrak dira. Hori dela eta jende gehiena 1.000-2.000 m arteko goratasunean bizi da. Euri sasoian (ekaina-azaroa) ibaiek gainezka egiten dute eta lurraldeko behealdeak urpean geratzen dira. ■ Biztanleak. Venezuelako biztanleak indiarren, europar kolonizatzaileen eta Afrikatik lan egitera eramandako beltz esklaboen ondorengoak dira. Europar etorkin olde handienak XIX. mendean zehar, 1920. urte inguruan (petrolioa aurkitu zenean) eta Bigarren Mundu Gerran izan ziren. Etorkin gehienak espainiarrak, italiarrak eta portugaldarrak ziren. Gaur egun ordea, kolonbiarrak eta peruarrak dira gehienbat kanpotarrak. Biztanleriaren hazkundea izugarria izan da; 1958an 5 milioi lagun bizi ziren Venezuelan, eta 1999an, berriz, 23 milioi inguru. Hala, 15 urtetik beherakoak dira venezuelarren % 36. Paludismoa desagertzeak eta osasunaren inguruan egindako inbertsioek ekarri dute heriotza tasa jaistea. Bestalde, haurren heriotza tasa ere asko jaitsi da: 1950-1955 urteen bitartean % 106koa zen, 1990eko hamarraldiaren amaieran, aldiz, % 21ekoa. Biztanleen % 85 inguru iparraldeko hirietan bizi da. ■ Ekonomia. Hidrokarburo hobiei esker, lehen erabat nekazaria zena Andeen inguruko herrialde industrializatuenetako bat bihurtu da bi belaunalditan. Kreditu funtsen bidez, petrolioak sortutako etekinak egoki banatu ahal izan zituen, eta politika soziala jarri ahal izan zuen abian: soldatak igo, batez ere maila apalenekoenak, lanaren babesa, diru laguntza. Osasunaren eta hezkuntzaren maila garaienetakoa bihurtu zen hirugarren munduko herrialdeen artean. 1980ko hamarraldiaren ondoren, ordea, petrolioaren prezioaren igoerak eta atzerriko zorra handitzeak eten egin zuen bilakaera hori. Munduko petrolioaren prezioak hondoratzeak ekonomia eta finantza krisi larria ekarri zuen. Nazioarteko Diru Funtsak hala eskatuta, 1988. urtetik aurrera Venezuelak abian jarri zuen politikak pobretasunera eraman zituen biztanleak eta tirabira sozial larriak sortu zituen. Venezuelak bere BPGren jaitsierari aurre egin behar izan dio (66 mila milioi dolar 1996an) eta baita langabeziaren igoerari ere. 1996an inflazioak gorena jo zuen, % 103 hain zuzen ere, eta bien bitartean enpresa publikoak pribatizatu edo berrantolatu egin behar izan dira. Caracas eta bere ingurua eta Venezuelako erdi-iparraldea izan dira Venezuelako ekonomiaren gune nagusiak. Hala ere, petrolio hobiei esker, 1960-1970 urteetan gobernuak Caracasko eskualdearen nagusitasuna ahultzeko garapen plan bat eraman ahal izan zuen aurrera. Hiriak zerbitzuez eta ekonomia jarduerez hornitu ziren, eta nekazaritza erreformak egin ziren, azpiegituretan batez ere (elikagaien industriak, errepideak, nekazari herriak, lan hidraulikoak…). Nekazaritzak BPGren % 5 eta langileen % 11 hartzen ditu (1997). Dena dela, nekazaritzak ez du lurren bostena baino hartzen. Lantzen diren gai nagusiak azukre kanabera, bananak, artoa, arroza, mandioka, basartoa, kafea, tabakoa, kotoia, sesamoa eta kakaotzea dira. Aipatzekoa da arto ekoizpena (1.099.000 tona). Abere hazkuntzak garrantzi handia du; izan ere, Los Llanosko larreetan 13,4 milioi abelgorri buru bazkatzen dira. Txerriak, ardiak, ahuntzak eta hegaztiak ere hazten dira. Esportatzen diren gai nagusiak azukre kanabera, banana, kafea eta artoa dira. Industriak BPGren % 38 osatzen du. 1970. urtea arte politika protekzionistaren barruan garatu zen industria. Energia sortzeko baliabideak, mea baliabideak eta, gero eta gehiago, gai horiek eraldatzera bideratutako industria dira gaur egun ekonomiaren oinarri: petrolioa (128,5 milioi tona), gas naturala (25,1 mila milioi m3), argindarra (57,8 mila milioi kwh), burdina (12,9 milioi tona), aluminioa (607.800 tona), altzairua (3,1 milioi tona). Nolanahi ere Venezuelak beste mea baliabide asko ditu: bauxita, zinka, kobrea, beruna, urrea, zilarra, diamanteak, amiantoa, fosfatoa, manganesoa, titanioa, etab. Petrolioaren ustiapena atzerritarren eskuetan egon zen 1976an nazionalizatu zen arte. Venezuelak petrolioa esportatzen du batez ere (% 90), eta merkataritza harreman gehienak Estatu Batuekin, Europako Elkarteko herrialdeekin, Japoniarekin eta Kanadarekin ditu. ■ Historia. Kristobal Kolon 1498an iritsi zenean karibeak eta araukaniarrak bizi ziren gaur egungo Venezuelako lurraldean. Hurrengo urtean Amerigo Vespucci italiar itsasgizonak «Venezia txikia» (Venezuela) izena eman zion lurraldeari. Lehenengo espedizioen ondoren espainiarrek garrantzi handiagoa eman zioten ekialdeko uharteetako perlen arrantzari lurraldea konkistatzeari baino. 1528an Karlos V.a erregeak Welser etxeko alemaniar bankariei saldu zizkien lurraldea esploratzeko eta konkistatzeko eskubideak, baina hauek, bilduko zutela uste zuten urrea eta harribitxiak aurkitu gabe, 1546an joan ziren. Mende horretako erdialdean eraiki zituzten espainiarrek herri nagusiak. 1567an Diego de Losada konkistatzaileak karaka indiarrak bizi ziren lurraldea mendean hartu eta Santiago de Leon de Caracas hiria sortu zuen, urte batzuk geroago hiriburu izendatu zutena. XVII. mendearen bigarren erdian nekazaritza bultzatu zen, baina, hala ere, lurraldeak oso aurrerapen txikia egin zuen XVIII. mendea arte. 1718an Granada Berriko Erregeordetzaren administraziopean geratu zen lurraldea. 1721ean Filipe V.ak Caracasko Unibertsitatea sortu zuen eta zazpi urte geroago Caracasko Gipuzkoar Konpainiari eman zion merkataritzaren monopolioa (kakaotzea, tabakoa, kafea, anila, kotoia, azukre kanabera), kontrabandoa eta itsaslapurrak kentzeko baldintzapean. Konpainiaren jarduerak istilu eta matxinada franko piztu zituen. 1781ean merkataritza harreman askeetarako dekretua onartu zen; Gipuzkoar Konpainiak monopolioa galdu eta 1784an desegin zen. Bien bitartean, Estatu Batuen burujabetasunak, Europako ideia liberalen hedapenak, kreole ilustratuen eta espainiarren monopolioak, kaltetuen interes ekonomikoen eraginak burujabetasunaren beharra nabarmendu zuten. XVIII. mendearen bukaerako matxinada batzuen ondoren, 1806an hasi zen, Francisco de Mirandaren gidaritzapean, independentziako gerra, Simón Bolívar Askatzaileak 1821ean ia lurralde osoa hartzea lortu zuen arren, 1823an espainiar erregezaleen gudarosteak guztiz menderatu zituzten arte bukatu ez zena. Venezuela, 1819az gero Kolonbia Handiaren barruan zegoena (gaur egungo Venezuela, Kolonbia, Panama eta Ekuador), 1829an banandu eta burujabe egin zen.  v  Venezuela burujabea. 1848. urtea arte oligarkia kontserbadorearen mendean egon zen Venezuelako gobernua. José Antonio Páez jeneralaren lehendakaritzapean (1830-1835 eta 1839-1844) gerra urteek hondatutako ekonomiak hobera egin zuen, kakaotzearen eta kafearen esportazioan oinarritua. 1830ean konstituzio bat eman zuen, boto eskubidea handikiei baino uzten ez ziena eta esklabotasuna onartzen zuena. 1840an Alderdi Liberala sortu zen, botoa emateko eskubidea zabaltzea eta esklabotasuna debekatzea eskatu zituena besteak beste. Kontserbadoreen eta liberalen edo federalisten arteko tirabirek baldintzatu zuten XIX. mendeko politika. Biltzar konstituziogilea egin zen Valencian, baina federalistek ez zuten onartu han eman zen konstituzioa. Egoera horrek bost urtetako gerra zibila ekarri zuen (1859-1863). Azkenean federalistak atera ziren garaile, eta 1864an egin zen konstituzioan Venezuelako Estatu Batuak izena ezarri zitzaion herrialdeari. 1870ean Antonio Guzmán Blancok hartu zuen lehendakaritza, eta 17 urtean zehar, diktadore gisa gobernatuz, erreforma politiko sozialak egin eta ekonomia modernizatzea lortu zuen. Haren ondorengo gobernualdiak ere diktadoreen eskuetan ziren: Joaquín Crespo (1892-1898), Cipriano Castro (1899-1908), Vicente Gómez (1908-1915 eta 1922-1929).  v  XX. mendea. Petrolioa 1912an hasi zen ustiatzen, eta 1920rako munduko bigarren petrolio ekoizlea eta lehen esportatzailea zen Venezuela. Horri esker kanpo zorra ordaindu ahal izan zuen eta herri lan handiak egin ziren. Halaber, aurrerantzean, atzerriko kapitalek eragin handia izan zuten bertako ekonomian. Eleazar López Contreras (1935-1941) aurreko errejimenaren gogortasuna leuntzen eta demokrazia bideratzen hasi zen. Egoera 1959an normaldu zen, Rómulo Betancourt lehendakariarekin. Nolanahi ere, Betancourtek aurre egin behar izan zien hirietako gerrilla komunistei eta eskuindarren estatu kolpeei, baina alderdi politiko nagusien (sozialdemokratak eta demokrata-kristauak) elkarlanaren bitartez, demokraziarako oinarriak finkatu zituen. Bera izan zen agintaldi osoa bete zuen lehen lehendakaria (1959-1964). Aurrerantzean Venezuelak ekonomiaren aurrerapena eta egonkortasun politikoa lortu zituen. Rafael Calderak (1969-1974), herrialdea baketu nahian, amnistia eman zien armak utzi zituzten gerrillariei. Carlos Andrés Pérezek (1974-1979) petrolioaren eta burdin meen nazionalizazioa bideratu eta herrialdearen industrializazioa sustatu zituen. Nolanahi ere, urte horietako aberastasuna gehiegizko kontsumoan eta ustelkerian galdu ziren. Egoera horri aurre egiteko Luis Herrera Campins-ek (1979-1984) gastu publikoa gutxitzearen aldeko politika egin zuen, eta Jaime Lusinchik (1984-1989) eta, batez ere, Carlos Andrés Pérezek (1989-1993) neurri ekonomiko gogorrak hartu zituzten (pribatizazioa, gasolinaren eta garraioen prezioaren igoera…). 1992an militar talde bat, Francisco Arias buru zuela, saiatu zen Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kentzen, baina ez zuten beren asmoa bete. Hala ere, egoera hark nabarmen utzi zituen administrazioaren ustelkeria eta ekonomiaren krisia. Bai Arias bai Hugo Chávez komandantea, atxilotuak biak, Boliviako Higikunde Militarreko kide ziren. Borroka ugari izan ziren eta Defentsa ministroak 51 militar zaurituta zeudela eta 19 hil zirela adierazi zuen. Estatu kolpearen egunean bertan, presidenteak konstituzioaren bermeak indargabetu zituen: bilerak debekatu zituen, prentsa askatasunak mugatu zituen eta hainbat herritar atxilotzea agindu zuen. Salbuespen gisa, ordea, irakaskuntzako sindikatuekin negoziatzea onartu zuen. Egun gutxira Pérez presidenteak salbuespen neurriak bertan behera utzi zituen. Hala eta guztiz ere, tirabira politikoek aurrera jarraitu zuten eta Errepublikako presidenteari kargua uzteko eskatu zitzaion. Krisiaren larritasunaz jabetuta, Pérezek erreferendum bat egitea erabaki zuen Konstituzioa berritzeko. 1992ko urtearen amaieran beste estatu kolpe saio bat izan zen. Garai horretan izan ziren gobernadore, alkate eta biltzar legegilerako hauteskundeetan gobernuko alderdiak 22 estatutatik 7tan baino ez zuen garaipena lortu. 1993an Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kendu zuten diru publikoa erabiltzearen salaketapean. Haren ordez Ramón Velázquez jarri zuten. 1993. urtearen amaieran izan ziren hauteskundeak Rafael Calderak (presidente 1969-1974 urteen bitartean) irabazi zituen. Hauteskunde haietan abstentzioa % 40koa izan zen. 1980ko hamarraldiaren amaieran Caracas bortizkeria handieneko hiria izan zen Hego Ameriketan, eta segurtasun faltak gorantz jarraitu zuen: 1995ean Caracasko biztanleen % 10ek gutxi gorabehera armak zituela esan zen. 1994. urtetik aurrera ekonomia eta finantza krisiak larriagotu egin ziren. Caldera presidenteak ondasun mugiezinen, jabetza pribatuaren eta merkataritzaren gaineko konstituzioaren bermeak indarrik gabe utzi zituen. Bestalde, atzerrirako bidaiak mugatu zituen eta baita biltzeko eskubidea ere. Biltzarrak eskubide horiek berriz adieraztearen alde eman bazuen ere botoa, presidenteak mugak jarri zituen kapitala atera ez zedin eta espekulaziorik gerta ez zedin. 1995ean gobernuak atzerriko inbertsioak erakartzeko egin zituen ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren, eta azkenean, petrolioa ekoizteko bertakoei eta atzerritarrei aukera berdinak ematea erabaki zuen gobernuak. 1997an hainbat ekonomia erreforma jarri zen abian, industria elektrikoen pribatizazioa, aluminioa eta burdinarena, sistema judizialaren berrikuntza, eta finantza publikoen antolakuntza berria. 1998an Venezuelak Saudi Arabia eta Mexikorekin batera erabaki zuen eguneko petrolio ekoizpena txikitzea, upelaren prezioa igoarazteko asmoarekin. 1998an, Hugo Chávez (hainbat estatu kolpetan buruzagi izandakoa) hautatu zuten lehendakari (botoen % 56,5). «Polo Patriótico» zeritzan alderdien batasun baten burua aurkeztu zen hautagai Chávez, eta, ideia sozialista lausoak adieraziz eta jarrera populista erakutsiz, konstituzio berri bat egitea zen haren helburu nagusia, berak Bolivariar Iraultza esaten zion proiektuaren baitan. Konstituzio berria 1999an onartu zen erreferendumean. 2001ean, lurren administrazioari buruzko lege batzuk eman ondoren liskar handiak izan zituen oposizioarekin, eta, azkenean, lanuzte deialdia egin zuten sindikatu nagusietako batek eta enpresaburuen ganberak. 2002an, protesta handiak egin ziren Chávezen aurka. Manifestazio baten ondoren, tiroak izan ziren eta bi aldeetako hildakoak izan ziren; oposizioak eta gobernuak elkarri egotzi zioten gertatutakoaren errua. Kolpe militar batek Chávez espetxeratu eta Pedro Carmona enpresaburua izendatu zuen lehendakari, baina berehala hartu zuen oposizioak hura diktadoretzat, eta handik bi egunera Chávez berriz izendatu zuten lehendakari, haren jarraitzaileek erreakzionatu, hura askatu, Carmona boteretik egotzi eta Chávezi itzuli baitzioten agintea. Oposizioak greba orokorrera deitu zuen, eta, 2004an, erreferedum bat eskatu zuen Chávez agintetik botatzeko, baina erreferendumak Chávezi eman zion garaipena, nahiz oposizioak iruzurra salatu zuen. Chávezek joera ezkertiarra du —XXI. Mendeko Sozialismoa esaten dio berak bere programari—, garapen eta gizarte laguntzako programak sortu ditu —Misiones Bolivarianas—. Inperialismoaren eta Estatu Batuen etsai agertu da, eta Kuba, Iran, Siria, Errusia eta Txinaren adiskide. 2006an, Chávez berriz aukeratu zuten lehendakari. Konstituzioa aldatuko zuela agindu zuen, hainbat erreforma ekonomiko egiteko eta lehendakaritza mugagabea ezartzeko, besteak beste. RCTV telebista katea ixtea agindu izanak protesta handiak sortu zituen eta bultzada handia eman zion Chávezen aurkako ikasle mugimenduari. 2007an egin zen konstituzioa aldatzeko erreferenduma, baina Chávezek galdu egin zuen eta ezin izan zituen bere asmoak bete. 2009ko otsailean, Chávezek konstituzioa aldatuz agintaldi mugagabea lortzeko beste erreferendum batera deitu zuen, eta bai oraingoan irabazi ere.
http://www.gobiernoenlinea.ve/misc-view/index.pag