Venet, Bernar
Frantses artista (Château Arnoux Saint Auban, 1941). Pintura ikasketak egin zituen eta 1959an Nizako Operan dekoratzaile gisa hasi zen lanean. 1961ean alkaternazko pinturak egiten hasi zen, bere geroko pintura monokromoen abiapuntu izango zirenak. 1966an New Yorkera joan zen lehenbiziko aldiz eta minimalismoa ezagutu zuen. 1967tik aurrera bere lan kontzeptualena egiten hasi zen eta Columbia Unibertsitatean matematika eta fisika eskolak hartu zituen. Banda magnetikoetan obra ez bisualak egiten hasi zen, obraren itxura baino gehiago edukia nabarmentzeko asmoz. 1968an bere obra kontzeptualen erakusketa egin zuen Dusseldorfen. 1972an Parisa itzuli zen eta arte kontzeptualari eta bere arteari berari buruzko testuak idatzi zituen. 1974-1975 urteetan hitzaldi asko egin zituen eta Sorbonan eskolak eman zituen. Bere obra kontzeptualak Londresko Egungo Arte Institutuan jarri ziren erakusgai, eta Sao Pauloko Bi Urtekoan hartu zuen parte, Frantziaren ordezkari gisa. 1976an New Yorkera joan zen ostera, eta margotzen hasi zen berriro, Angles et Ars saileko lehen oihalak eginez. Urte hartan bertan bere obraren atzera begirako erakusketa egin zen Jollako Egungo Artearen Museoan. 1979an bi arkuz osatutako eskulturak egiten hasi zen eta arku monumental bat diseinatu zuen autopista baterako. 1984an Lignes indeterminées (Lerro zehaztugabeak) izeneko eskulturen erakusketa egin zuen Parisko Daniel Templon galerian. Laurogeiko hamarraldian eskultura publiko handiak egiteko enkargu asko jaso zituen eta zenbait performance egin zituen. Laurogeita hamarreko hamarraldian, berriz, musika idatzi zuen eta film bat egin zuen. 1993an Nizako Arte Modernoko Museoak bere obren atzera begirako erakusketa antolatu zuen.