Venizelos, Eleuterios
Greziar politikaria (Murnies, La Caneatik hurbil, 1864 - Paris, 1936). 1896. urtean diputatu hautatu zuten eta urtebete geroago Kretaren autonomia lortu zuen. 1898an Justiziako ministro egin zuten. 1904an, Jurgi printze eta komisario gorenaren etsaia baitzen, mendira jo eta behin-behineko gobernua osatu zuen, Greziarekin bat egitea aldarrikatzen zuena. 1910ean Greziako Lehen ministro hautatu zuten. Serbia, Montenegro eta Bulgariarekin batean Turkiaren aurkako gerran jardun zuen. 1913. urteko Londresko eta Bucaresteko hitzarmenek bide eman zioten Greziako lurraldeak zabaltzeko. Lehen Mundu Gerran aliatuak Tesalonikan lehorreratu zirenean Venizelosek mugaz harandiko gobernua osatu zuen eta aliatuekin batean borrokatu zen. Neuilly eta Sèvreseko hitzarmenen ondorioz eremu gehiago jarri ziren Greziaren administraziopean. 1924an Lehen Ministro hautatu zuten eta denbora laburraren buruan Errepublika aldarrikatu zuen, baina, Greziako ekonomia eta politika berpizteko eta sendotzeko gauza izan ez zenez dimisioa eman zuen. 1935. urtean matxinada bat bultzatu zuen Kretan.